Getxoko Udaltzaingoak Algortako taberna bateko zerbitzaria atxilotu zuen atzo drogekin trafikatzea egotzita, eta taberna zigilatu zuen epaileak erabaki bat hartu bitartean. Udal iturrien arabera, Kasune kaleko ostalaritza establezimendua zelatatzen ari ziren aspalditik poliziak, uste baitzuten bertan herriko gazteei estupefazienteak saltzen zizkietela. Zaintza lanetan ari zirela, atzo, asteazkena, eguerdiko ordu batak aldera, udaltzainek ikusi ei zuten, auto bat hogei bat urteko bi gazterekin bertara iristen; eta bi gazteak tabernara sartu zirela. Barruan, zerbitzariarekin harremanetan jarri eta handik gutxira irten egin ziren haxixa erosi eta gero. Tabernatik alde egin eta gero geldiarazi zituzten bi gazteak eta hauei egindako badaezpadako miaketan zerbitzariari 10 euroren truke erosi berri zioten haxix zatia atzeman zieten udaltzainek. Droga atzemanda, poliziek taberna barrua arakatu zuten eta zerbitzariari beste bost zati haxix, gazteei atzemandakoaren antzekoak, eta hainbat salmentetan ateratako 700 euro (50, 20 eta 10 euroko billetetan) atzeman zizkioten, udal iturriek zabaldutako bertsioaren arabera. Udaltzaingoak droga saltzen omen zuten taberna hori zigilatu zuen, eta zerbitzaria, 38 urteko gizonezkoa, aurrekaririk ez duena, gaur bertan eramango dute epailearen aurrera. Argazkian, lagun bat porrua egiten.