Bihar, larunbatarekin, San Juan Bautista abesbatza gazteak eta La Kantoriak kontzertua eskainiko dute Leioako San Juan Bautista parrokian. Hitzordua arratsaldeko 8:30ean jarri dute eta sarrera doakoa izango da. Aipatu bi koralek emanaldia bi partetan banatuta eskainiko dute. Zuzendari lanetan Basilio Astulez arituko da. San Juan Bautista abesbatza Leioan sortu zen 1968an, Jose Ignacio Sarriaren eskutik. 40 urte hauetan hainbat kontzertu eman ditu Euskal Herrian, Espainian eta Europan zehar, eta garrantzizko orkestra eta zuzendariekin kolaboratu egin du, Estatu mailan erreferentziazko abesbatza izatera heldu arte. Hainbat disko grabatu ditu eta, Basilio Astulezen esku, nazio zein nazioarteko sarien zerrenda luzea du. 2008an Leioako Musika Eskolarekin bat egin zuen abesbatzak. Egun, Leioa Kantika Koralean egondako hainbat gaztek osatzen dute. Bestalde, Kantika Koralean egindako lanari jarraipena emateko helburuarekin, Leioako Udal Musika Eskolan 2005ean jaiotako abesbatza dugu La Kantoria. Argazkian, Leioako Musika Eskolako San Juan Bautista gazte abesbatza / © Leioa.net.