Plentziako Uribe Kosta institutuko Ikasle Abertzaleen (IA) taldea eratu zuten atzo ikastetxean bertan. Goizeko 11:30ean, atsedenaldian, aurkezpenari eman zioten hasiera, ikastetxeko 40 ikasle bildu zituztela. Aurkezpenean bertan, "ikasle mugimenduaren beharra agerian utzi" zuten, Uribe Kostako IAk jakinarazi duenez. Aurretik bi urtez ikasle mugimendua sortzen saiatu izan zirela adierazi eta azkenean lortu egin izana ospatu zuten. IA era laburtuan zer den azaldu zieten bildutakoei eta "ikasleon hitza beharrezkoa dela agerian utzi" zuten. Talde jaio berriaren "helburu potoloenak" ikastetxeko arazoei aurre egitea eta Hezkuntza Sistema Nazionala izango dira. Horren bidean, hurrengo asteotan "ikasleon problematika aztertzeko" galdetegia banatuko diete estudianteei. Horrela, ikastetxean bertan ikasleon egoera zein den jakin eta ikasleen artean eztabaida zabaltzeko asmoz. Parte hartzea "ezinbestekotzat" jo zuten. Argazkian, 2009ko apirilaren 30ean Ikasle Abertzaleak Algortan egindako eskualdeko manifestazioa.