Gotzon Barandiaran eta Fredi Paya: "Israeli boikota: Palestinan zuzenbidea betetzeko estrategia"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko api. 9a, 22:41

Behean sinatzen dugunok Israelen aurka Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak kanpaina (BDS ingelesez) sustatzen dugun Estatu espainiarreko jendarte zibileko taldeak eta pertsonak gara. Honen bidez, apirilaren 3an egunkari honetan argitaratutako artikuluari erantzuna eman nahi diogu. Bertan, Euskal Herriko, Galiziako eta Katalan Herrietako zenbait herritarrek BDSren aurkako jarrera agertu zuten. Gure mugimenduaren helburuak argitu nahi ditugu. BDS erakunde israeldarrei zuzentzen den bortxakeriarik gabeko estrategia da. Salbuespen gisa, haien legez kontrako politikak aho betean babesten dituzten herritar israeldarrei ere zuzentzen zaie. Okupazio israeldarrari etekina ateratzen dioten edo haren konplize diren nazioarteko erakunde guztiei ere zuzenduta dago. Argazkian, Israeli boikot egitearen aldeko manifestazioa Algortan.

Mugimendua ez da bideratzen inongo erlijio-talde edo talde etniko, nazional edo linguistiko jakinen aurka, Nazioarteko Zuzenbidearen kontrakoak diren politika batzuen aurka baizik. Mundu osoko juduen artean lortzen ari den babesa gero eta handiagoa da: adibidez, Naomi Klein kazetari kanadarra, Ilan Pappe historialari israeldarra edo Jewish Voice for Peace (AEB), Bakearen aldeko Emakumeen Koalizioa (Israel) eta Israelgo BDS taldea bezalako erakundeak.

2005ean Palestinako gizarte zibileko 170etik gorako erakundek 2005ean egin zuten deian azaltzen denez, BDSren helburua Israelen gaineko presioari eustea da, estatu horrek herri palestinarraren oinarrizko hiru eskubideok onartzen dituen arte:

• 1967ko okupazioaren amaiera eta harresiaren eraispena.
• Israelgo herritar arabiar-palestinarrek berdintasun osorako duten eskubidea.
• Errefuxiatu palestinarren itzultzeko eskubidea.

BDSren aldeko mugimenduak Hegoafrikako apartheid erregimenaren eta Israelgo erregimenaren artean egiten duen konparaketa Nazioarteko Zuzenbideak «apartheid krimena» deiturikoan oinarritzen da. Estatu Batuetako presidente ohi Jimmy Carterrek eta Hegoafrikako zenbait pertsona ospetsuk ere, Desmond Tutu Bakearen Nobel saridunak kasu, horrelaxe erabili dute.

Elkarrizketek eta negoziazioek, 1993ko Osloko akordioetatik, ez dute lortu herri palestinarraren eskubideen aitorpena. Nazioarteko komunitatearen ezintasunak, Israelen borondate faltak eta palestinarren ahuleziak porrotera eraman dituzte negoziazioak bata bestearen atzetik. BDS Israel/Palestinan bidezko bakea lortzeko estrategiarik eraginkorrena da; bertan bizi diren bi herrien eskubideekiko berdintasunezko errespetuan oinarritutako bakea, alegia.

Sinatzaileak: Ana Ollo (Komunikazio zuzendaria, NUPeko irakaslea); Karlos Perez de Armiño (Nazioarteko Harremanetako irakaslea EHUn); Fito Rodriguez (EHUko irakaslea eta idazlea); Juan Hernandez (EHUko irakaslea eta Hegoako kidea); Alex Arizkun eta Txuri Ollo (NUPeko irakasleak); Jose Daniel Gutierrez (EHUko irakaslea); Gonzalo Fernandez (Hegoako koordinatzailea eta EHUko irakaslea); Josu Martinez (zinema zuzendaria); Fredi Paya (bertsolaria); Gotzon Barandiaran (idazlea); Aroa Lasa (musikaria); Gari Berasaluze (idazlea), Manex Agirre bertsolaria; Joxe Iriarte Bikila Gorripidea-Zutikeko kidea eta idazlea; Jon Aranburu, Axier Lopez, Richard Wendling, Ainara Gorostitzu, Alberto Pradilla, Martxelo Diaz, Anakoz Amenabar (kazetariak); Fernan Bilbao (ESK); Igor Urrutikoetxea (LABeko Nazioarteko idazkaria); Galder Olibares (Igorreko alkatea); Alazne Olaizola (Zestoakoa); Aitor Sarasola (Alegiakoa); Jesus Mari Mendinueta (Arbizukoa); Mikel Basabe (Aralarreko legebiltzarkidea); Nekane Perez (NaBaiko parlamentaria); Jose Navas Amores (Gasteizko EBko zinegotzia); Antxon Belakortu (Gasteizko EAko zinegotzia), Marine Pueyo (ezker abertzaleko Iruñeko zinegotzia); Europako BDS; EH-Palestina Sarea...
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun