Perkusio tailerrerako izen-ematea zabaldu du Getxoko Jabekuntza Eskolak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko api. 10a, 00:15

Getxoko Udalaren Berdintasun Arloak perkusio tailerra antolatu du Jabekuntza Eskolaren programazioaren barruan. Bertan, danborrak eta beste musika-tresnak, ahotsak eta kaleratzeko testuak eta mugimenduak landuko dituzte. Tailerra ez dago euskaraz jarraitzerik espainol hutsez burutuko baita, hiru orduko iraupena edukiko duten bost saiotan, maiatzaren 4ean, 11n, 18an eta 25ean eta ekainaren 8an. Getxoko Antzerki Eskolaren egoitzak hartuko du, Makaleta etorbideko 56. zenbakian dagoen antzinako Aiboa institutuan. Ikastaroko arduraduna Silvia Palumbo Argentinako musikaria izango da. Udalak zabaldu duenez, tailerrak bost euroko matrikula izango du, haurtzaindegi zerbitzua barne. Argazkian, Keltse Eiguren Berdintasun zinegotzia.

Aiboan ez ezik, Ermuan, Basaurin, Ondarroan eta Gasteizen ere eskainiko da perkusio tailerra eta banda guztiek ekainaren 11n elkartuko dira Ondarroan, Bizkaiko Jabekuntza Eskolen Sareak ikasturtearen amaiera dela eta antolatu dituen topaketetan. Bertan, "Emakumeak arte eta musika" lelopeko jardunaldian, guztiek joko dute.

Matrikula egin nahi duten emakumeek 944 660 136 telefono zenbakira deituz edo berdintasuna@getxo.net posta elektronikora idatziz eman dezakete izena.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun