LABen ustez, "zerbitzu publikoak soilik izango dira publiko eta demokratikoak herritar guztien eskubideak bermatzen badituzte, eta beraz, hizkuntza eskubideak ere bermatzen badituzte".
Horregatik, Unibertsitate ikasleek azalarazi duten egoeraz bi ondorio "larri" atera dituzte LABeko kideek. Lehena, "bertoko ikasle euskaldunek unibertsitatean euskaraz ikasteko oraindik ere ikaragarrizko zailtasun eta oztopoak dituztela, eta oztopoak handitzen ari direla azken urteetan LOU delakoaren ondorioz ezarri den estatu mailako barruti bakarraren ondorioz". Bigarrena, "horren ondorioz Euskal Herrian zerbitzu publikoak euskalduntzeko arazoak konpontze bidean jarri ordez areagotzen ari direla, honen adibide garbia Osasun sistema euskalduntzeko medikuntzako ikasleek aurkeztu duten testuingurua. Beraien salaketak agerian uzten du espainiar estatuarekiko menpekotasunak galarazi egiten duela Euskal Herriaren beharrizanen neurrira egindako unibertsitatea eraikitzea".
Gauzak horrela, zerbitzu publikoak euskaraz ere emateko norabidean "urratsak eman beharrean atzera egiten ari garela eta honek askozaz ere ageriago uzten du bestelako hizkuntza politikaren beharrizana", salatu du LABek.
LABek Osasun sistema eta zerbitzu publiko guztiak euskalduntzeko premiazkoak diren neurriak hartu daitezela aldarrikatu du. Hala, bi neurri sorta exijitu dute: "EHUn ikasle euskaldunek euren ikasketa ziklo osoa euskaraz egin ahal izan dezaten beharrezko neurriak jada hartu daitezela, eta zerbitzu publikoak euskaldundu ahal izateko bertoko unibertsitateetan ikasteko euskaldunek erabateko lehentasuna izan dezatela kanpotik datozen ikasleekiko".