Abian da Algortako San Inazio jaietako kartel lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko api. 11a, 19:53

Uztailaren 28tik abuztuaren 1era bitartean ospatuko dira aurten Algortako San Inazio jaiak. Hain zuzen ere, horien irudia izango dena aukeratzeko, kartel lehiaketa deitu du, beste urte batez, jai batzordeak. Irabazleak 300 euro jasoko ditu. Horrenbestez, maiatzaren 19ra arte izango dute lanak entregatzeko aukera, lehiaketan parte hartu nahi duten guztiek. Horretarako, Algortako Amezti kaleko 3. zenbakian dagoen Eztabaida Gunera jo beharko dute horiek. Edozein zalantzatarako aixerrota.jaibatzordea[abildua]gmail.com e-posta helbidea jarri dute algortarren eskura. Azkenik, Facebook sare sozialaren bidez ere egongo da iritziak, eskakizunak, proposamenak… bideratzeko aukera. Jai batzordeak ostegunean, apirilak 14, egingo du hurrengo batzarra, 20:30ean, Algortako Agurra dantza taldearen egoitzan (Illeta, 12 – behea). Astero biltzen dira. Argazkian, iazko jaietan Bost Axola koadrilak irakurri zuen pregoia eta Bidebitarte txokoak piztu zuen txupina.

Algortan ospatuko diren San Inazio jaien irudia izango dena aukeratzeko, beranduenez, maiatzaren 19an entregatu beharko dira kartelak, Algortako Eztabaida Gunean (Amezti kalea, 3). Data hori igarota, jai batzordeko kideek osatutako epaimahaiak erabakiko du zein den irabazlea eta horrela jakinaraziko dio horri. 300 euro jasoko ditu jaietako kartel gisa aukeratua izango denaren egileak. Saritu gabeko kartelak, berriz, egileei itzuliko zaizkie. Hala ere, guztiak jarriko dituzte ikusgai jai batzordearen bitakoran (algortakosaninazioak.mundua.com).

Kartelen ezaugarriei dagokienez, 70x50 zentimetroko (ez-etzana) neurria eduki beharko dute aurkeztutako lanek, euskarri gogorrean edo paper gainean. Gaia librea bada ere, "Algortako San Inazioak 2011", "Uztailak 28-Abuztuak 1" eta "Jaietan ere euskaraz!" dira jarri beharreko leloak. Kartelaren atzealdean ezizen bat jarriko da, kartelarekin batera emango den gutun-azalaren kanpoaldean ere jarrita egongo dena. Gutun-azalaren barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa, besteak beste. Baliabide informatikoak erabiltzekotan (eta edozein kasutan ere) CD bat aurkeztu beharko da kartelarekin batera, horren irudi digitalizatuarekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun