Bitarteko teknikoak gehiagora joan dira beti. Hoberako eboluzioa izan da zuzendariak 70eko hamarkadan antzezpena abiatu zuenetik: "Antzezkizun txikitxoa eskaini genuen lehenengo urtean, baina arrakasta eta ikusleen irrika ikusita, gidoian, eszenografian eta bitarteko teknikoetan aldaketan eginez joan gara etengabe". Ikusgarritasun zinematografiko, plastika eta kolore efektu politen aldeko apustua egin du beti Berangoko Pasioak. Fokuen artean kanoiak jarriz indartu zuten argiztapena; soinua digitalizatu eta aurrez programatu zuten, publikoak detailerik ez galtzeko; tamaina handiko eszenatokiek erakargarritasuna eman zioten muntaiari; eta urtero ukituak ematen zizkioten jantzien detailerik txikienari.
31. edizioak, ordea, itxaron beharko du. "Ez dakit nahikorik balioetsi den errepresentazioa. Aurten jakingo dugu jendeak aurrera egin nahi duen", iradoki du Ansoleagak; "Berangorako galera kultur handia" izango dela gaineratzearekin batera. Zuzendariaren hitzetan, udal laguntzak hobekien zeuden unean heldu da lapsusa: "Batez ere oraingo alkatearekin, dirua eta laguntza emanez oso ondo portatu da Udala. Inoiz ez dugu horrenbesteko laguntza eta erraztasunik izan, Anabel Landa iritsi arte". Ikuskizunaren arduradunaren arabera, "diru-laguntzak ondo zeuden; horietatik batzuk mamitsuak ziren. Kontua da jenderik ez daukagula".
Ezustekorik ez
Hala ere, Ansoleagak bazekien zer gertatu behar zuen: "Aspalditik ikusten nuen, baita ohartarazi ere. Azkenengo bost urtetan nabari izan dugu. Argi zegoen gertatuko zela". Bere ustez, "azken hiru hamarkadetan asko aldatu da gizartea eta boluntariotza azpitik dago. Kontuan hartu behar da Pasioa egiteak hilabete asko eskatzen dituela entseatzen, dekoratuak prestatzen, jantziak egiten... Urritik apirilera lan eta lan". Ansoleagarentzat tristea da honaino heldu behar izana: "Izugarrizko pena ematen dit. Kontuan hartu nik sortu dudala eta 30 urte direla jada", amaitu du.