Prentsaurrekoan zabaldutako oharra:
PSOE-PP biolentzia gehiagorik ez!
Astelehena, apirilak 4, arratsaldeko 8:30ak inguru; Jon Etxegarai eta Gabi Basañez sopeloztarrei agurra emateko prest, Sopelako erdiguneko kale bat jendez gainezka zegoen. Hainbat hilabete "modu prebentiboan" kartzelan eman ondoren eta epaiketaren zain daudelarik, herriak zeuden. Baina ospakizuna arratsalde iluna bilakatu zen. Trajea bezain beltza eta kaskoa bezain gorria izan zen bertara hurbildutako ertzainen jarrera. Urduritasuna, tentsioa eta beldurra areagotuz haien esku-hartzearen ondorioak hurrengoak ditugu: hainbat zauritu, ospitalera joan behar izan zutenak, kolpatuak, mehatxuak, lau pertsona identifikatuak. Hori al da ongi etorri pribatu bati dagokion erantzun proportzionala?
Garaiak aldatuz doaz, jarrerak eta aurrera begira ditugun itxaropenak ere. Baina, badirudi zenbaitzuek hau zapuzteko agindu argiak dituztela. Sopelako Gernikako Akordioko sinatzaileok inolako indarkeriarik gabeko egoera nahi dugu. Horretarako, bermatuko dituen baldintzak errespetatuak izan daitezen exijituz. Modu horretan bakarrik lortuko baitugu normalizazio politikorako bidean aurrera egitea.
Sopelan ere ideologia politikoa aitzakiatzat hartuz mehatxatuak eta kolpatuak izateko arrisku argia dagoenez, gatazkaren konponbide demokratikoa aldarrikatzen dugu. Testuinguru horretan, apirilak 14, ostegunean burutuko den pleno eta manifestaziorako deialdia luzatzen diogu herritar orori: arratsaldeko zortzietan Sopelako udaletxeko plazan guztiok elkar gaitezen.
Bake bidean aterabide demokratikoa orain!
Argazki guztiak ikusi: