Getxoko Udaltzaingoak E.R.G. inizialak dituen 86 urteko gizonezkoa atxilotu du, sexu askatasunaren kontrako delitu baten egilea delakoan. Herenegun, astelehenean, poliziak dei bat jaso zuen 18:00ak aldera, Areetako Xake plazaren inguruan, pertsona edadetu batek berarekin zihoan adimen urriko emakume gazte bati ukituak egiten ari zitzaizkiola esanez, udal iturriek zabaldu dutenez. Besteak beste, gizonak neskari eskua hartu eta genitaletara hurbildu zuela adierazi omen zieten udaltzainei lekukoek. Agenteek gizona atxilotu eta, era berean, emakumea bere etxera eraman zuten, bere amari gertatutakoaren berri emanez. Keltse Eiguren Berdintasun zinegotziak mota honetako jokaerak errefusatu ditu eta adierazi du, “sexu askatasunaren kontrako edozein gertaera gaitzesgarria bada ere, are gehiago biktima adimen urritasuna duen pertsona denean”. Argazkian, Algortako Bilgune Feministaren protesta bat.