Etxeko tresnak, jostailuak, liburuak, aparatu elektriko edo elektroniko txikiak, arropak eta oinetakoak gaika biltzeko eta berrerabiltzeko 20 edukiontzi berriak jartzen hasi da jada Getxoko Udaleko Ingurumen Saila. Zuri kolorekoak izango dira, eta arropak eta oinetakoak bildu eta birziklatzeko udalerrian zehar banatutako 18 edukiontzi berdeak ordezkatuko dituzte, horiek zeuden leku berean jarriz. Gaikako bilketa Rezikleta gizarte-kooperatibak kudeatuko du, aurrekoan bezala. Getxorekin batera, bilketarako sistema "berritzaile" hori, esperientzia pilotu bezala abiatuko dute Bizkaiko beste zortzi udalerritan, hots, Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz eta Santurtzin. Eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan egongo dira erabilgarri edukiontzi berriak, eta hartara, "bilketa eskaintza zabaltzea ahalbidetuko du, herritarrei dagoeneko erabiltzen ez dituzten eta orain arte gordetzeko lekurik ez duten etxeko tresnak edukiontzi berrietan uzteko aukera emanez", udal iturriek azaldu dutenez. Argazkia: © Getxoko Udala.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!