Bilduk, Euskal Herriko abertzale ezkertiar eta aurrerakoien koalizioak, Getxo udalerrirako aukeratutako hautagaiak jendaurrean aurkeztuko ditu bihar, ostiralarekin. Ekitaldia arratsaldeko seietan egingo dute Getxoko probalekuan, Andra Mari elizaren aurrean. Agerraldian, hautes-zerrendako kideak aurkeztu, talde adierazpena egin eta erredaktore grafikoei argazkiak hartzeko aukera emango zaie. Bitartean, hainbat egunkarik azken egunotan emandako informazioari buruz aritu da bere webgunean Bildu koalizioak. Dirudienez, zerrenden kontra egiteko asmoa daukate Espainiako Gobernuak eta Fiskaltzak. Hala ere, nabarmendu dutenez, "egunkarietako filtrazioez baino ez dakigu, oraindik ere Rubalcabak bere lupa bikoitza erabili ez duenean, zerrendak ez direlako aurkeztu". Bilduren gain egiten ari diren presioa, bi alderdi legalez (EA eta Alternatiba) osatua, "onartezin eta aurkeztezintzat" jo dute. Argazkian, larunbatean egin zuten Donostiako Kursaalean Bilduren aurkezpen ekitaldia / © Eusko Alkartasuna.