Nafarroako Foru Poliziak bost gizonezko atxilotu zituen joan den ostiralean Iruñean, bide publikoan aparkatutako ibilgailuetan kalteak eragitea leporatuta. Tokiko iturriek zabaldutakoaren arabera, polizia etxetik gertu harrapatu zituzten autoen atzerako ispiluak apurtzen. Horretaz gain, lau kotxeetan arrastoa egin omen zuten. Eta, giltzarrapoa apurtu ostean, bi bizikleta jaurti ei zituzten ibilgailuen kontra, aurreko kristalen bat apurtuz. Mutiletatik hiru bilbotarrak dira; eta beste biak getxoztarrak: G.L.M. eta J.S.S.G. inizialak dituzten 20 urteko gazteak. Guztiak atxilotu eta Iruñeko bosgarren Instrukzio Epaitegiaren esku utzi zituen Foru Poliziak. Bitartean, ibilgailuen jabeek salaketa jarri dute. Polizia iturrien arabera, inguruko kirol pabilioi batean ospatzen ari zen jai unibertsitarioan egonak zirela aipatu zuten gazteek.