Abenduaren 6an itsasgizonaren estatua berrinauguratu zuen
Plentziako Udalak, Ondarreta ibiltokian. Ezker abertzaleak tokiko agintariei
eskatu zien omenaldia uriko gizon zein emakumeen omenez egin zedila, baita estatuaren oinarrian jarriko zuten plaka euskaraz eta espainolez egotea ere, inaugurazio horretarako ez baitzuten halakorik kontuan hartu. Hilabete batzuk geroago, errotulua "isilean" kendu dute, horren ordez hizkuntza bietan idatzita dagoen bat jartzeko. Egin duten itzulpena ikustean, ordea, "zur eta lur" geratu dira Plentziako ezker abertzaleko kideak. Hauxe da jarri dutena: “Merkataritza Itsasgizon / Al Marino Mercante”. Hori ikusita, berriro ere "Udal Gobernuak, Grupo Independientea buru, euskarari eta euskal hiztunei erakusten dien mespretxua" salatu dute tokiko independentistek. Erakunde horrek euskarari ematen dion "tratu iraingarriaren" aurrean, batetik, Eva Ormaza Euskara arduradunak bere kargua uztea eskatu dute. Bestalde, oraingo plaka ondo itzulita dagoen batekin ordezkatzeko galdegin dute; baita hiru plaken ordainketa Udal Gobernua osatzen duten taldeen esku geratzea ere. Argazkia: ©
Plentziako ezker abertzalea.