Leioako Udalak herriko kale, plaza, parke eta bestelako tokiei izena ematen dizkieten plakak berritu dituela
jakinarazi zuen joan den astean Eneko Arruebarrena alkateak. Tartean, izena aldatu diete bi kaleri. Batetik, Basarte Etorbidea izango da hemendik aurrera Eustakio Mendizabal Benito "Txikia" ETA erakundeko kide, poeta eta euskaltzaleari eskainitakoa. Bestalde, Eusko Gudariak izena hartuko du Txabi eta Joseba Etxebarrieta Etorbideak. 2008ko ekainean Dignidad y Justicia (DyJ) elkarteak Eneko Arruebarrena Leioako alkate jelkidearen kontra aurkeztutako kereila
artxibatu zuen Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, aipatu hiru lagunak "ETAko kideak zirela egiaztatzen duen ebazpen judizialik ez dagoela" argudiatuta. "Herritarren bat (izendapenarekin) ados ez badago egin behar duena dagokion administrazio prozedura hartzea" dela gaineratu zuen magistratuak. Txikia Etorbidearen kasuan, 2010eko abenduan hori kentzea agindu zuen Bilboko Administrazio hirugarren Epaitegiak. Txabi eta Joseba Etxebarrieta Etorbidearen izendapena ere "erabaki judizial baten ondorioz" ezabatu dutela adierazi dute udal iturriek. Argazkian, Eneko Arruebarrena plaka berrietako bat eskuan.