Rafal Jezierski biolontxelo-jotzaile poloniarrak Juilliard School musika eskola ospetsuan ikasi zuen eta Miroslav Rostropovich musikari handiaren maisu-eskoletako ikasle izan da. Gaur egun, Valentziako Orkestrako instrumentista da eta, horrez gain, zenbait ganbera-talderekin aritzen da. Bestalde, Nieves Pascualek Valentziako Goi-Kontserbatorioan ikasi zuen eta hainbat sari irabazi ditu; horien artean, Alemaniako Jugend Musiziert Nazioarteko Lehiaketaren lehenengo saria nabarmentzen da. Areetan, Lili Boulanger, Consuelo Diez, Louise Adolpha Le Beau, Alicia Coduras, Dolores Serrano Cueto, Magaly Ruiz eta Encarna Beltran-Huertas musikagileen piezak joko dituzte bi musikariek; azken hiru konpositoreen lanak erabateko estreinaldiak izango dira.
"Emakumea eta pianoa"
Bestalde, igandean, eguneko programa arratsaldeko seietan hasiko da, "Emakumea eta pianoa" mahai-inguruarekin. Bertan, emakumezko konpositoreek eta artistek parte hartuko dute. Jarraian, 20:00etan, Elena de Santos pianistaren saioa hasiko da. Musikagile espainiarren piezak estreinatu ditu De Santosek, eta RNE, TVE eta Alemaniako telebistentzako grabazioak egin ditu. Gaur egun, Nuevo Ensemble de Segovia taldean ari da, eta Madrilgo Teresa Berganza Kontserbatorioko irakaslea da. Igandeko kontzertuan Maria Dolores Malumbres, Cecile Chaminade, Anna Boffill, Clara Schumann, Mariona Vila eta Maria Luisa Ozaita konpositoreen piezak interpretatuko ditu, besteak beste.