Igande honetan, hilak 17, XIII. Nekazaritza Azoka egingo dute Leioako Pinueta auzoan. Ospakizun berezi horrek gero eta bisitari gehiago biltzen ditu, herri horretako lurrek emandako produkturik onenak dastatzeko, erosteko edota haien sustraien giro onaz gozatzeko. Guztira, 25 ekoizle eta 32 postu izango dira, produktuak eskaintzen eta aurkezten. Azokak 10:00etan irekiko ditu ateak, eta 14:00etan itxi. Denbora tarte honetan, baserriko produktuak dastatu eta erosteaz gain, hainbat erakusketa ikusteko aukera izango dute bisitariek: hala nola, baserriko abereen erakusketa eta zaldi zein idi ferraketa. Guzti hori trikitixa doinuez girotuta. Horretaz gain, adin guztietara zuzendutako ekintzak egongo dira: txikienentzat, tailerrak eta poni gainean ibilbideak; eta nagusiagoentzat, baserriko lanbideen erakustaldia. Esan beharra dago gainera, aurten, berrikuntza bezala, baserriko animali nanoen erakustaldia egongo dela (zaldiak, behiak, ahuntzak...). Argazkian, Leioako Bulebarrean egindako beste nekazari azoka bat.