Maitane Nerekan izango da Bildu koalizioko Getxoko zerrendaburua

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko api. 15a, 21:51

Maiatzaren 22ko udal hauteskundeei begira, Getxo udalerrirako aukeratutako hautagaiak aurkeztu ditu gaur arratsaldean Bildu koalizioak. Dozenaka herritarren aurrean egin dute agerraldia 25 zerrenda kideetatik 23k, Andra Mari probalekuan. Hedabideen artean piztutako ikusmina ere handia izan da. Bertan izan dira hiruzpalau telebista kamera, beste hainbat kazetarirekin batera. Maitane Nerekan Umaran hautagai independente eta euskalgintzako kideak irakurri du adierazpena (mp3) euskaraz. Eta beste horrenbeste egin du espainolez Bingen Saitua Eusko Alkartasuneko kide eta telekomunikazio enpresa bateko zuzendariak. Beraiek izango dira Getxo udalerriko zerrendetan lehenengo eta bigarren, hurrenez hurren. Adierazi dutenez, Getxoko Bildu "giltza" izango da maiatzaren 22ko udal hauteskundeetan. "Datozen urteetan herritarren nahi eta beharrei erantzungo duen Getxo ezkertiar, euskaldun eta abertzalearen alde egin nahi baduzu, zu zara giltza, zuk duzu hitza", amaitu dutenez.

Gaurko agerraldian irakurritako adierazpena:

Arratsalde on guztioi eta eskerrik asko gaur hona hurbiltzeagatik.

Gaur, hemen, Andra Mariko probalekuan batu gara, Getxoko Bilduren hautagaitza aurkezteko eta horren ordezkari joango garen emakume eta gizonak ezagutzera emateko.

Hemen gaudenok eta maiatzaren 22ko hauteskundeetara Bilduren izenean aurkeztuko garenok Getxoko herritarrak gara; herriko elkartegintzan, kirol taldeetan, euskalgintzan, gazte mugimenduan zein Getxoko bizitzako beste hainbat esparrutan parte hartzen dugunak. Euskaldunak, ezkertiarrak eta abertzaleak gara eta herri honek bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidean sinisten dugu eta horren alde egiteko konpromisoa hartzen dugu. Euskal Herri eta Getxo aske eta euskaldunean sinisten dugu eta hori eraikitzen lan egin nahi dugu. Orain arte ibilbide politiko ezberdinak jarraitu izan baditugu ere, aipatutako helburuen alde egiteko batu gara eta elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dugu. Prozesu luzea eta oztopoz betea izan da hona eraman gaituena, baina herri honeri merezi dituen eskubideen eta etorkizunaren alde borrokatzeko indarrak biderkatzeko, batzeko erabakia hartu dugu.

Getxon, herrian eta herritarrekin batera lan egin nahi dugu maiatzaren 22tik aurrera, hurbiltasunetik; auzoz-auzo, gazte, heldu zein adinekoen artean sortzen diren kezkei erantzunez, gardentasunez eta benetako parte-hartzea bultzatuz. Gutxi batzuen interesen alde, herriaren ahotsari entzungor eginez eta herritarrei bizkarra emanez lan egiten dutenekin nazkatuta/nekatuta gaude.

Argi daukagu guztion artean eraiki behar dugula Getxo, ikastetxeetan, dendetan, udaletxean, tabernetan, fabriketan edota auzo-elkarteetan.

Azken lau urteotan herriak aukeratutakoarekin eta herriaren errealitatearekin bat ez datorren argazki bat ikusi behar izan dugu Udalean (%80ean eskuindarra eta gehiengo espainia zalearekin) eta ez dugu hori horrela izaten jarraitzea onartuko. Kontrakoa sinistarazten saiatu badira ere, Getxo herri abertzalea da eta, horregatik, ez dugu Espainiatik gobernatu nahi gaituztenen eskuetan utziko gure etorkizuna. Ez dugu utziko ere, kapitalaren eta diru zaleen interesen alde lan egiten dutenen esku; Getxo ezkerretik eraiki nahi dugu, guztion beharrei erantzunez.

Horretarako, Getxoko Bildu giltza izango da maiatzaren 22ko hauteskundeetan; datozen urteetan herritarren nahi eta beharrei erantzungo duen Getxo ezkertiar, euskaldun eta abertzalearen alde egin nahi baduzu, zu zara giltza, zuk duzu hitza.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun