Euskal Herria Kirolaren oharra:
Euskal Herriaren zatiketa administratiboak euskal kirola ere zatitu egiten du. Salbuespenak salbuespen, euskaldunok ez daukagu ez liga nazionalik ez eta txapelketarik, askatasunez parte hartu nahi duten Euskal Herri osoko kirolariak biltzen dituenik.
Gaur egungo egoera bera ere ez da egokiena gure selekzioen alde tinko borrokatzeko. Orain dauden federazioek ordezkatzen dituzten lurralde-eremuak ez datoz bat euskaldunen multzoaren osotasunarekin, eta, askotan, federazio horien eskumena mugatua da espainiar edo frantses egitura administratiboaren barruan egoteagatik.
Aski ezagunak dira gure selekzio absolutuko futbolarien ase gabeko eskaerak, beste kiroletara ere zabal daitezkeenak eta gizartearen babes handia dutenak.
Horrelako egoeraren aurrean, “Euskal Herriko Kirolariak” taldean bildutako kirolariok erabaki genuen bazela garaia martxan jarri eta gure kirola egituratzeko, munduko beste edozein nazio bezala. 2009ko abenduan ospatu genuen “Kirol Hærria” festan herriaren babes handia jaso genuen, Donostiako belodromoa bete eta 2.000 kirolari baino gehiagok gure ekimena babestu zutenean. Azken aldian, alderdi politiko eta gizarte eragile askoren atxikimendua ere jaso dugu ( hau guztia gure web orrian ikus daiteke).
Horrenbestez, gaur jaio da Euskal herria Kirola, Euskal kirola bere eremu zabalean egituratzeko lan egingo duen erakundea.
Kirol bakoitzaren egoeraren eta eskakizunen azterketa zehatza eginez hasi eta gure jardunbideak honakoak izango dira:
1. Kategoria eta kirol guztietan euskal liga eta txapelketa nazionalak antolatzen joatea.
2. Euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko ekimen sendoa izatea eta baita gure kirolari eta kluben Europarako nahiz mundurako irteera zuzena ahalbidetzekoa, nazioarteko federazioekin zuzenean gestionatuz, eta halakorik ezean, nazioarteko txapelketa alternatiboak antolatuz.
3. Euskal Herria kirol-esparruaren nazioarteko ordezkaritza.
4. Euskal kirolaren sustatze eta dokumentatze lana.
Badakigu partida luze eta gogor baten erantzukizuna hartu dugula, baina inoiz ezin izan da gol bat sartu lehenik baloia birarazi gabe.
EH Kirola ez doa dagoenaren aurka, dagoen hutsunea betetzera baizik. Hemengo kirol eragile guztiekin lankidetzan jardun nahi dugu, eta gure ekintzak beti baikorrak izango dira, euskal kirolaren aldekoak.
Azpimarratu nahi dugu EH Kirola erakunde askotarikoa eta irekia dela. Kirola maite eta EHko zazpi lurraldeen esparrua onartzen duten guztien etxea izan nahi dugu. Kirolariok, klub eta gainontzeko euskal herritarrok sare sozialetan eta Donostiako gure bulego nagusian aurkituko gaituzue.