Ipar Uribeko bertsolari gazteek seigarrenez eskuratu dute garaipena Bertsolari Gazteen BBK Sariketan. Pasa den ostegunean jokatu zen finala Bilboko Kafe Antzokian eta aurreko bi urteotan bezala, 19. edizioko finalistak Lea Artibaiko gazteak eta Ipar Uribe ordezkatzen zuten
Algortako Bertsolari Eskolako neska-mutilak izan ziren. Gauzak horrela, Inaxio, Beñat eta Peru Vidal, Maialen Markaida, Imanol Uria eta Arrate Illaro indartsu agertu ziren emozioz beteriko saioan, errebantxa usainean. Arrate, Peru eta Beñatek Lea Artibaikoek baino puntu erdi gutxiago erdietsita, Maialen, Inaxio eta Imanolek lortutako puntuei esker lortu zuten garaipena, 410 eta 390. Hortaz, sariketaren historian berdinketa bikoitza eman da. Alde batetik, osteguneko finalistek seina aldiz jaso dituzte garaikurrak. Beste aldetik, haien arteko finaletan bina irabazi dituzte. Bestalde, Bizkaiera egokienaren saria Arratiako Illart Gumuziok eskuratu zuen. Finalista gazteenarena berriz, Aissa Intxausti lekeitiarrak. Argazkian, Peru Vidal kantari / © BBK.