Aurkezpenean Topaguneko Manuel Morenok eta Manuel Larramendi Bazkuneko kide Bakartxo Iguaranek azaldu duten moduan, kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira bertan parte hartzeko. Lehenengo pausua irakurtzea da, euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea eta ondoren irakurtzea da lehen pausoa. Ondoren, liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman dion irakurleari eta abar. Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango du, hitzartutako liburu-dendan erabiltzeko. Azken pausoa, aurreko urteetan bezala, liburua oparitzea da. Liburutegian jasotako txartelarekin, prezioaren %25 ordaindu ahal izango da liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erostean, edo %50 euskara elkarteren bateko kidea izanez gero.
Bere arduradunek adierazi dutenez, egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, eta horretarako, euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratu nahi izan dute. Euskararen erabilera gozagarria sustatu nahi du Topaguneak, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.
Halaber, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak ekimen honen bidez, hala nola euskara elkarteetako bazkide diren euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea, era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea, eta ekarpena egitea euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz.
Hasiera, Liburuaren Egunean
"Irakurri, Gozatu eta Oparitu" egitasmoa apirilaren 23an hasiko da, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Amaiera, berriz, uztailaren 23an izango da, uda izaten baita jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak iruditu zaizkie antolatzaileei liburu trukea sustatzeko.
Iaz 16 herritan gauzatu zen egitasmoa, eta gehienetan eragin positiboa izan zuen liburutegietako euskarazko liburuen maileguan, batez ere, 18 urtetik gorako irakurleen artean. Liburu salmentetan ere izan zuen eragin positiboa egitasmoak, izan ere, 600 liburu baino gehiago saldu ziren parte hartu zuten 23 liburu-dendetan, erosleek horretarako egitasmoak eskaintzen dien erosketa-txekea erabilita. Egitasmoak, Eusko Jaurlaritzaren eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundien babesaz gain, Alberdania, Erein, Elkar, Ibaizabal, Pamiela eta Susa argitaletxeen laguntzari esker izaten da posible.