Mugitu! Mugimenduaren oharra
Mugitu! Eguna. Ikastetxeetan ere AHTri Desobeditu!
Maiatzaren 5ean “Mugitu! Eguna” egingo da Euskal Herriko hainbat ikastetxeetan, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) auzian desobendientzia zibila bultzatu asmoz diharduen Mugitu! Mugimenduak “Ikastetxeetan ere AHTri desobeditu!” lelopean deituta. Hori dela eta, maiatzaren 5ean ikastordu bateko paroa egiteko eta egun horren harira antolatuko diren ekintza desberdinetan partehartzeko dei egiten die ikasle guztiei Mugitu! Mugimenduak. Helburu hori aurrean, Mugitu!Mugimendua hainbat ikasle talderekin elkarlanean ari da; eta “Mugitu! Eguna” ikastetxe guztietara zabaltzeko asmoz eskura dagoen materiala jaso dezaten, ikasle guztiei gurekin harremanetan jartzeko gonbitea egiten diegu, honako helbidearen bidez: mugituaht@gmail.com.
Maiatzaren 5ean hezkuntzatik ere AHTri desobedituz egitasmo txikitzaile hori gelditzera goaz! Heldu da garaia ikastetxeetatik ere AHTren aurka gaudela aldarrikatzeko. Gure heziketarako dirua proiektu txikitzaileetara bideratua izatea ez dugula nahi ozen zabaltzeko.
Maiatzaren 5ean ikastetxeetan AHTri desobedientzia egingo diogu, berau eraikitzeak suposatzen dituen kalteak izugarriak direlako, gure sustraia eta etorkizuna den amalurra guztiz suntsitzen duelako. Baina ez horregatik bakarrik, AHT ez da amalurra hondatuko duen proiektu bat soilik, dakarren bizi eredu kapitalista, xahutzailea eta sostengaitza ere zalantzan jarri behar dela uste baitugu. Horregatik, derrigorrezkoa ikusten dugu AHTren lanak geldiaraztea eta egungo garraio eta gizarte ereduan aldaketak lortzeko eztabaida sortzea.
Krisiaren aitzakipean, hezkuntzan itzelezko murrizketak egiten dihardute, gure eskubidea eta oinarrizko beharra den irakaskuntzatik dirua kenduz: orderzkapenak urrituz, bitarteko material eta pertsonala mugatuz, hezkuntza bereziko baliabideak ebakiz... Hezkuntza beharrak ase gabe gelditzen diren bitartean gutxi batzuen aberastasunerako AHT bezalako proiektu txikitzaileetan milaka milioi euro xahutzen dituzte.
Hezkuntza da herrien etorkizuna; herri baten kultura eta jakintza herritarren artean zabaltzea herri horren onurarako bidea da. Herritar orok dugu hezkuntza duin bat jasotzeko eskubidea eta hezkuntza sistema publiko duin bat eskeintzeak, etorkizuneko gizartean elkarbizitza hobeago bat eta gizarte eredu justuago bat izatea ahalbideratuko digu. Gobernuaren helburua, ordea, hezkuntza beharrei erantzuna emateko baliabideak sortu ordez, aberastasuna beraien eskuetan metatzea, sektore publikoa desegitea, oinarrizko zerbitzuak etengabe pribatizatzea eta gizarte eskubideen esparrua murriztea besterik ez dela ikusi ahal izan dugu.
Amalurra birrinduta eta hezkuntza duin bat gabe ez dugu etorkizunik! Horregatik nahiago dugu gauzak astiro eta ondo egin eta ez abiadura bizian dena txikituz, hala irakatsi baitigute.
Hezkuntzatik beharrezkoa ikusten dugu basakeria izugarri honen aurrean erantzuna ematea. Horregatik denagatik, maiatzaren 5ean irakaskuntzan ere AHTri desobedituz ikastordu bateko paroa eta ekintza desberdinak burutuko dira Euskal Herriko hainbat ikastetxeetan.
Mugitu! Mugimendua (M!M)