Matxinsalto Eguna aurkeztuko dute asteazkenean Txorimalo gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko api. 18a, 22:41

Etzi, asteazkenarekin, ostiralean Gipuzkoako Soraluze herrian izango den Matxinsalto Eguna aurkezteko "bertxotx"-a antolatu dute Getxoko Txorimalo gaztetxean. Hitzordua arratsaldeko 5etan jarri dute, baina, sagardoa arratsalde osoan izango bada ere, bertsolarien txanda 18:30era arte ez da helduko. Ondoren, 20:00ak aldera, Matxinsalto Eguna aurkeztu eta tripak asetzeko luncha egingo dute. Arduradunek jakinarazi dutenez, Soraluzera joateko busak antolatu dituzte Uribe Kosta eskualdean. Hortaz, 10 euroren truke, bertara joan nahi duenak bihar arte izango du Algortako UK eta Amnistia tabernetan izena emateko. Hala ere, berandu dabilenek ere asteazkenean gaztetxean bertan ere apuntatu ahal izango dira. Argazkian, Matxinsalto Eguna aurkezteko prentsaurrekoa / cc-by Topatu.info.

Matxinsalto Eguneko egitaraua:

- 10:00etan, izen-ematearen irekiera Udaletxeko arkupean.
- 11:00etan, harrera Plaza Berrian.
- 11:30etik 14:30era, tailerrak:
- Harremanak eta sexualitatea.
- Komunikazioa.
- Kultura.
- Hezkuntza.
- Nekazaritza.

Ondoren, bazkari herrikoia frontoian (txartelak egunean bertan izen-ematearekin batera salgai).

Behin bazkaldu eta gero herriko txoko ezberdinetan kultur maratoia burutuko da. Honako guneak egongo dira:

1.- Salto ausardiaz! Dantza afrikarrak eta zanpantzarrak. Ez ikusteko, normalean bezala, baizik eta ikasteko. Dantza afrikar ikastaroa emango dute. Zanpantzarrak ere trajea jantzi eta bere ibilera bitxia ikasteko aukera izango da. Honetaz gain rokodromoa eta zirkua ere egongo dira.

2.- Salto erritmoaz! Goienetxe familia, Norte Apache, graffiteroak… Euskal Herriko hip-hoparen adierazgarriak.

3.- Salto irudimenaz! Bideo eta irudi sorkuntzaz osatutako erakusketa gela ilunean. Gazteon ikus-entzunezko sormen lanak ikusteko aukera paregabea.

4.- Salto kalera! Gelditzeko unerik utziko ez digun kale animazioa.

5.- Salto sormenaz! Kontzertu didaktiko berezia musikari oso bereziekin eta ondoren bertso-hop emanaldi berezia.

6.- Salto zentzumenetara! Didgeridoo emanaldia, kontzertu lasaiak eta txalaparta emanaldi bereziak.
Gauldean, Salto Dantzara! Izateren kontzertua, erromeria Xeroxiette taldearekin eta sorpresa gehiago ere ez dira faltako!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun