Egungo hamar zinegotzietatik zortzi jarri ditu hauteskunde zerrendan Getxoko EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko api. 19a, 19:16

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Andoni Ortuzar Bizkai Buru Batzarreko presidentea lagun zituela, gaur aurkeztu du udal hauteskundeetarako Getxoko EAJren hautagaien zerrenda Imanol Landa egungo alkateak. Azken lau urtetan egindako lanaz "harro" agertu da aurten ere jelkideen alkategaia izango dena. Horren adierazle, egungo zinegotzietatik bi baino ez direla "erori" zerrendetatik: Aitor Soloeta Ogasun eta Ekonomia Sustapen arduraduna eta Begoña Ezkurra Garapenerako Lankidetza eta Kalitate burua. "Azken hamarkadetan udalerriak ezagutu duen modernizazio proiektu zirraragarriaren" adibidetzat jarri ditu Landak: Maidagango trenbide-pasagunea lurperatzea, Romo Kultur Etxea, Getxo Antzoki berria, Gobela ibaiko lanak, BiskaiTIK proiektua... Getxo udalerriaren aldeko "apustu garbi" horren aurka, "oztopo nagusi bat" ikusten du egungo agintariak: "Lopez-Basagoiti hitzarmena, Getxo ere barne hartzen duena. Arrue bai ala bai alkate egiteko akordioa, Basagoitik Galean esan zuenez". Izan ere, Antonio Basagoiti Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako PPren presidentea ondoan zuela, atzo aurkeztu zuen Marisa Arruek Getxoko popularren hautagaien zerrenda. PPri eta PSEri "zenbakiek ematen badiete, egin egingo dute", ohartarazi du Landa jelkideak. Argazkia: © Getxoko EAJ.

Getxo Udalerrirako EAJk aurkeztu duen udal hautes-zerrendako lehenengo hautagaiak:

1. Imanol Landa Jauregi: 44 urte. Abokatua. Getxoko alkatea.
2. Keltse Eiguren Alberdi: 47 urte. Zuzenbidean lizentziatua. Zinegotzia.
3. Koldo Iturbe Mendilibar: 42 urte. Zuzenbidean lizentziatua. Zinegotzia.
4. Joseba Arregi Martinez: 50 urte. Abokatua. Zinegotzia.
5. Ana Helguera Libano: 48 urte. Ekonomista.
6. Elena Coria Yanguas: 39 urte. Zientzia Politikoetan lizentziatua. Zinegotzia.
7. Alvaro Gonzalez Perez: 42 urte. Ingeniari Teknikoa. Zinegotzia.
8. Kepa Miñanbres Llona: 52 urte. Lan Zientzietan lizentziatua. Zinegotzia.
9. Josu Loroño Goienetxe: 52 urte. Komunikazio Zientzietan lizentziatua. Zinegotzia.
10. Itziar Epalza Urkiaga: 48 urte. Kazetaritzan lizentziatua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun