Getxoko alkateak "oso ondo" baloratu du Barcelo enpresak agertutako "borondatea". Halaber, elkarrekin lan egiten jarraitzeko konpromisoa helarazi dio hotel-enpresari, “aplikazio-araudiari zor zaion erabateko errespetutik abiatuta, galeriak zaharberritzea eta Getxoko herriarentzat lanpostuak sortuko dituen jarduera ekonomikoa, Punta Begoñako hotela, alegia, bideragarri egingo dituzten aukerak aztertzeko”.
Bestalde, Imanol Landak Marisa Arrue bozeramaile popularraren jarrera gogor kritikatu du. Izan ere, popularrak Getxoko Udalaren eta Barcelo enpresaren arteko kontratua apurtzeko ez ohiko udalbatza egitea eskatu zuen. Alkatearen ustetan, jarrera hori, "udal ordezkari batek erakutsitako eta nik ezagututako arduragabekeria eta arinkeriarik handiena da. Getxon bizi dugun krisi garaia dela eta, inoiz baino beharrezkoagoak diren lanpostuak sortzeko den inbertsio-proiektu hau amildegian ipini duelako helburu elektoralengatik”. Alkateak gaineratu duenez, "hautagai honentzat dena balio du, Getxoko herriaren interes orokorrak kolokan jartzeraino. Izan ere, 20 urtetan bere helburu bakarra Getxoko alkatesa bihurtzea izan da". Imanol Landak jarraitu duenez, "bere momentuan esan nuen, eta berdin jarraitzen dut, Udal hau serioa eta arduratsua da. Beste batzuek, berriz, ezin dute berdina esan, ikusi den bezala".