Ertzaintzak 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, Erandioko Erribera etorbideko arropa denda batean indarra erabiliz —erakusleihoa auto batekin hautsiz— egindako bi lapurreten egilea izatea egotzita. Martxoaren 25ean eta apirilaren 11n izan ziren gertaerak. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, datu basea aztertuta, bigarren lapurreta horretarako erabilitako Opel Kadett autoa hilaren 9an Galdakaon ostu zutela jakin zuten poliziek. Hiru egun beranduago, Bilboko Zorrotza auzoan aparkatuta aurkitu omen zuen. Ikuskatzean, motorra pizteko sistema manipulatuta eta lapurretak izan ziren arropa dendako etiketa batzuk ikusi zituzten ertzainek, Herrizaingo Sailak dioenez. Ikerketei esker, poliziek 22 urteko ohiko delitugile bat identifikatu zuten, bi lapurreta horien erantzule zelakoan; eta atzo bertan atxilotu zuten Erandion, haren etxetik gertu. Agenteek miaketa egin zuten haren etxean, baina ez zituzten ostutako arropak aurkitu. Atxilotuak delitu historial luzea du (berrogeita hamar aldiz baino gehiagotan atxilotu dute lapurreta delituak egotzita), eta datozen orduotan jarriko dute epailearen esku.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!