Uda amaieran hasiko dira Getxo Antzokiko azalerako egitura eraikitzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko api. 20a, 20:46

Tokiko Gobernu Batzordeak gaur bertan esleitu ditu Getxo Antzokia eta Musika Eskola berriko azalerako egiturak eraikitzeko lanak. Uste da uda amaieran hasi eta datorren urtean amaituko direla, obrak 9 hilabetez luzatu eta gero. Lanok 3 milioi euro baino zertxobait gehiagotan esleitu dira, hau da, proiektuaren aurrekontuan jasotakoa (3,8 milioi) baino %20 gutxiago. Horri esker ia 800.000 euro aurreztuko dira, hasiera baten udal diru-kutxarentzat, udal iturriek nabarmendu dutenez. Obrak, hain zuzen, proiektuaren 3B Fasearen barrukoak dira, eta horiekin bi ekipamendu berrien azalerako solairuen egitura altxatuko dute, behin Algortako San Nikolas plazako aparkalekuko eta antzokiko sestra azpiko egitura amaituta; hurrenez hurren, proiektuaren 2 eta 3A Faseei dagozkien lanak, alegia. Horiek guztiak lurpeko aparkalekuko eraikuntzarekin batera egiten ari dira. Hori ere hurrengo udako amaieran bukatuko da, tokiko agintarien arabera. Egun aparkalekuko zimenduak zein egitura eta bere estalkia ere, plazako zorua dena, amaituta daude oso-osorik. Halaber, Getxo Antzokiko zimenduak egun eginda daude. Horrez gainera, eraikin azpian aurreikusitako sotoko hiru solairuetatik azpikoena, hirugarrena, bukatuta dago. Sestra azpiko beste bi mailetako inguruko hormak, zutabeak eta egitura oraindik egiteke daude. Bestalde, auzokoentzako aparkalekua ireki aurretik, datorren ekainaren amaiera aldera, aurreikusita dago Andres Kortina kalea berriro zabaltzea herritarrek erabili ahal izateko. Argazkian, kamioia Getxo Antzokiko lanetan / © Getxoko Udala.

Orain esleitutako 3B Fasea amaitu ostean, proiektuaren laugarren eta azken faseari ekingo zaio, eraikinen barruko eta kanpoko aldeak amaitu eta inaugurazioa egin ahal izateko. Lan horiek 2012ko udaberrian has litezke 2013ko neguan amaitzeko, 21 hilabeteko lanen ondotik. Laugarren fasearen aurrekontua 12 milioi eurokoa da. Getxo Antzokia eta Musika Eskola berriak eraikitzeko obra guztia lan horien eremuaren urbanizazioarekin (zolaketak, hiri-altzariak, argiteria publikoa, lorezaintza lanak...). Horiek 2, 3 eta 4. fasekoekin batera egiten ari dira.

Proiektuaren diseinu eta zuzendaritzan hobekuntzak

Getxo Antzoki berria eraikitzeko proiektuaren diseinu eta zuzendaritzan hasiera baten aurreikusitako inbertsioan aldaketa izan da, "auzokideen, kultura sektore desberdinen eta alderdi politikoen interesak eta eskaerak bateratze aldera, proiektuan bertan egindako moldaketen ondorioz", udal arduradunen arabera. Ekipamendua hobetzeko sartutako aldaketen eraginez programan (bere azterlanekin, behin behineko proiektuekin, eta abar) diseinu berriak eta beste zenbait gauza aldatu omen dituzte, hala nola, Musika Eskolaren eraikina Etxeandia Artzapezpikua kaleko 2. zenbakiko etxetik aldentzea, antzokiko atze aldea igotzea erabilera publikorako eremua askatuz eta eraikineko altuera ere murriztuz programaren zati bat lurpean sartuta. Horrek guztiak 950.000 euroko gastu gehigarria ekarri du obra zuzendaritza (arkitektoak, diseinugileak, aparejadoreak, instalazio eta akustika ingeniaritza, egituren ingeniaria, eta abar) eta proiektua idazteko taldeari dagokion partidan, tokiko agintariek aipatu dutenez.

"Ordainsari igoera hau, hortaz, proiektuan izandako aldaketen ondorioa da, hasierako aurre-proiektuan hobekuntzak sartu behar izan direlako. Hobekuntza horien emaitza izan da 2010ean udal batzarrean gehiengoak onartutako oinarrizko proiektua. Kostu gehigarria indusketa fasean 2 milioi euro aurreztu izanak orekatzen du. Izan ere, hobekuntzak sartu aurretik proiektuaren aurrekontuan hasiera batean jasotako 32,6 milioi euroko inbertsioari eusten zaio gaur egun", azaldu dutenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun