Uzta berria lortzeko, Independentistak sarearen zelai berdeak soro emankor bihurtzera deitu digute Gernika eta Baigorrira. Gernika, zuhaitzak gizakion erabakiak lege bihurtzeko ohitura zaharra etorkizuneko giltzarrietako bat da. Gizakion erabaki guztietan naturarekiko batasuna presente ez badago, etorkizunean ezingo dugu izan. Ez euskaldun, ez frantziar, ez eta arratoi ere. Baigorrin, ostera, euskarak mundua ikusteko begi ezberdinak oparitu dizkion giza-multzo baten mendeetako erresistentziaren lekuko izango da Iparlako gaina. Begi berezi horiek babesteko, estatu formako betaurrekoak gura ditugu. Betaurreko guztiak deserosoak izan arren.
Betaurreko batzuk izan genituen, Nafarroa izenekoak. Euzkadi izeneko batzuen ametsagatik hil ziren gure aitaita-amamen odola zirenak. Eta Euskaditik Euskal Herrirako bidea galdutako lagunez, kristal lodiz, suz eta odolez beterik dago.
Galdera da betaurreko ezberdin horiek guztiak ulertu eta zuhaizpean proiektuak errealitate bihurtzea ahalbidetuko duen gu bat sortzeko gai izango ote garen.
Fredi Paya bertsolari algortarrak "Berria" egunkarian atzo argitaratutako artikulua
[©