Gorliz.net-ek kaleratutako albistea
Gorliz pintxoz pintxo
Gorlizko pintxoak dastatzea errazagoa izango da herria bisitatzen duen edonorentzat. «Gorliz pintxo a pintxo» ekimenari esker, hitz gutxitan azaltzen den ideia: 6 pintxoko bonoa 6 ,60 eurotan. Egunero, goizeko 11 :30etatik aurrera.
UKBERRI.NETek argitaratutako hasierako artikulua
Pintxoak espainolez sustatuko ditu Gorlizko Udalak
Gorlizko Turismo Bulegoak tokiko tabernak, edaritegiak eta kafetegiak zein ostatuek eskaintzen dituzten pintxoak promozionatzeko ekimena abiatu du. Udal webgunean zabaldu dutenez, "Gorliz pintxo a pintxo" lelo espainola duen proiektu horren bitartez, udalerriko auzokideek zein bertaratutako turistek, 6,60 euroko bono baten truke, tokiko hamaika tabernetan sei pintxo dastatzeko aukera izango dute. Tokiko Udalak jakinarazi duenez, aipatu ekimena egunero indarrean egongo da goizeko 11:30etik aurrera.
Aitz Oleaga Gorlizko Turismo Bulegoko arduradunak bidalitako gutuna
Egun on,
Gorlizko Turismo bulegotik idazten dizuet, zuen web orrian irakurri egin dugu Gorlizko udalak pintxoak espainolez sustatzen dituela, Ekimen hau Gorlizko Turismo bulegoaren lana izan da herriko tabernariekin batera, ekimena, gure herrira etorten diren bisitari eta turistak gure herriko establezimenduetan dirua utz dezaten bilatzen du.
Turismo bulego batetan lan egiten dugunez, gure egin beharren artean gutxienez 4 hizkuntz erabili behar ditugu, horregatik harritu gaitu irakurri dugunean espainolez sustatzen dogula pintxoak, egitan euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsezez (beti ere orden horretan) daude kartel eta informazio guztia.
Tamalez Pintxo hitza ez du baliakiderik ingeleses eta frantsesez, gaztelaniaz ere "tapas" da erabiltzen dana eta mundu mailan gehiago ezagutzen den era.
Atxikituta bidaltzen dizuet gure kartel eta foiletoak, ikus dezazuen esaten duguna egia dela.
Askoz objetiboa iruditzen zaigu "Pintxoak sustatuko ditu Gorlizko Udalak" eta askoz ere errealagoa "Pintxoak sustatuko ditu Gorlizko zenbait Tabernak"
Edozein argibide behar baduzue zuen esanetara gaude. Besterik gabe,
Aitz Oleaga, Gorlizko Turismo bulegoko arduraduna.
UKBERRI.NETek zuzendutako artikulua
Pintxoak sustatuko dituzte Gorlizko ostalariek eta Udalak
Gorlizko Turismo Bulegoak tokiko hamaika tabernek, edaritegiek eta kafetegiek zein ostatuek eskaintzen dituzten pintxoak promozionatzeko ekimena abiatu du. Aitz Oleaga Turismo Bulegoko arduradunak UKBERRI.NETi azaldu dionez, "Gorliz pintxo a pintxo" kanpainak lelo espainola izan arren, informazio guztia euskaraz, espainolez, ingelesez eta frantsesez topa daiteke, kartel, esku-orri eta liburuxketan. Proiektu horren bitartez, udalerriko auzokideek zein bertaratutako turistek, 6,60 euroko bono baten truke, tokiko hamaika tabernetan sei pintxo dastatzeko aukera izango dute. Tokiko Udalak jakinarazi duenez, aipatu ekimena egunero indarrean egongo da goizeko 11:30etik aurrera. Ekimenean parte hartu duten ostatuak honakoak dira: Argintxe, Basajaun, Batzoki, Iberre, Jubilatuen Etxea, Lighthouse, Malluki, Noho, Okela, Portalena eta Txispas.
Gorlizko ostalariek eta Turismo Bulegoak egindako esku-orriak
Gorlizko ostalariek eta Turismo Bulegoak egindako liburuxka