Arkaitz Goikoetxea euskal preso politikoa isolamenduko moduluan daukate Madrilgo Aranjuez espetxean eta, hartara, ostiraletan du bisita eguna. Apirilaren 21ean bere anaia Zigor bisita ordura joan, bisitetako departamentuan dokumentazioa eman eta komunikazioetako arduradunak, besterik gabe, “Zu ez zara sartuko” esan zion espainolez, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu duenez. Eztabaidan aritu ostean, eta beste biderik ez zuela ikusita, etxera bueltatu behar izan zuen, bisita egin gabe, errepresioaren kontrako erakundeak gaineratu duenez. "Gerora, Algortan zegoela, Arkaitzen telefono deia izan zuen, eta hark adierazi zion kartzelako segurtasun burua azalpenak ematera joan zitzaiola, eta Zigor 12:00etan joan zelako ez ziotela utzi bisita egiten, bisita ordua 10:00etan baitzen. Salaketarik ez jartzeko ere eskatu zion, mesedez eskatu ere, horrelakorik berriro ez direla gertatuko agindu ondoren", azaldu du AAMk. Zigor Goikoetxeak, ordea, salaketa jartzeko asmoa duela adierazi du. Argazkian, auzokide bat Zigorren anai Arkaitz Goikoetxearen argazkia sostengatzen, aurreko batean.