Baina ospakizunak alde batera utzita, gaurko markak ondorioak ere ekarri ditu: "Gaur arte erlojupekoetan ahalik ondoen egitera irteten nintzen, hoberen artean sailkatzera. Arratsaldekoaren ostean nire pentsaera aldatu da. Orain irabaztera irten naitekeela badakit. Beti moldatu naiz ondo modalitate honetan, baina hortik Romandiako Tourrekoa bezalako aitzin-etapa irabaztera jauzi handia dago. Gaur garaipena eskuratu dugu eta diziplina honetan etorkizuneko erronkei aurre egiteko nire ikusmoldea aldatu da", azaldu du Castroviejok.
Romandiako Tourreko lehen etapa bihar jokatuko da Martigny eta Leysin artean, 172,6 kilometrori aurre egin beharko diotela. Lehen mailako mendate batean amaituko da lasterketa.
Jonathanen ibilbidea
Castroviejo Punta Galea taldearekin hasi zen. Bertan lortutako sari eta arrakasten ondorioz, Bizkaiko txirrindulari gazterik onenaren izendapena jaso zuen.
Amateurretan, Seguros Bilbao taldearekin parte hartu zuen, Xabier Artetxek zuzenduriko taldea berau. Bere lehen urtean, hau da, 2006ean, postu on batzuk lortu zituen, bere taldekide zen Beñat Intxaustiri lasterketa askotan postu bikainak egiten lagunduaz. Bigarren urtean, Beñat Intxausti profesional mailara pasa zela, Seguros Bilbao taldeko buru izan zen Castroviejo eta emaitza benetan onak erdietsi zituen, Ereño, Laukiz, Bergara, Markina eta Euskadiko Erlojuaren Aurkako lasterketetan garaile izanez. Ondorioz, Lehendakari Saria irabazi zuen urte horretan, zeinek 21 urtez azpiko euskal txirrindularirik onena bereizten duen.
Amateurretan izandako ibilbide arrakastatsuaren ondorioz, Euskadi Fundazioak fitxatu zuen bere talderako. Talde honetan, lehendabizi Kontinental mailako Orbea taldean korritzen du, ondoren, maila izanez gero ProTour mailako Euskaltel-Euskadi taldera pasako delarik.
2009an, eginiko denboraldi bikainaren sari gisa, Etorkizuneko Tourrean parte hartu zuen, etapa batean garaile izatea lortuz. Sailkapen nagusiaren lehian, ordea, ezin izan zen sartu, lehen etapetan eroriko bat eduki baitzuen.
Gaurko sailkapena
1. JONATHAN CASTROVIEJO (EH/Euskaltel), 3 min. 40. seg
2. Taylor Phinney (AEB/BMC Racing), d.b.
3. Leigh Howard (AUS/HTC - Highroad), seg. 1-era.
4. Geoffroy Lequatre (FRA/RadioShack), 2 seg.
5. David Millar (UK/Garmin), 3. seg.
6. Dennis van Winden (HOL/Rabobank), d.b.
7. Patrick Gretsch (ALE/HTC - Highroad) 4.
8. Mark Renshaw (AUS/HTC - Highroad), d.b.
9. Alexandre Vinokourov (KAZ/Astana), d.b.
10. Daniele Bennati (ITA/Leopard), d.b.