Itsasadarraren bi aldeak Biziberritzeko Plana abian jartzearen alde agertu zen atzo Jose Antonio Pastor. Lamiakoko Vicrila enpresara egindako bisitan eman zuen asmoaren berri Bizkaiko ahaldun nagusi izateko
PSE-EEko hautagaiak. Susana Gonzalez eta Juan Otermin, udal hauteskundeetan Leioa eta Erandioko alkategaiak, izan zituen lagun bozeramaile sozialistak. Pastorren hitzetan, "PSE-EEko ahaldun nagusi berri batek zuzenduta, itsasadarraren bi ertzak berriro Bizkaiko industria eta ekonomiaren eragile bilakatzea da helburua". Bere ustez, udalez eta Aldundiaz gain, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak parte hartu beharko lukete egitasmoan; "eta nola ez, nahastuta dauden sektoreek, sindikatuek eta enpresariek". Horretaz gain,
Bildu koalizioaren zerrendak baliogabetzeko eskaerei buruz hitz egin zuen Pastorrek; baita PPri "terrorismoaren kontrako politika hauteskunde armatzat erabiltzea" aurpegiratu ere. Argazkia: © PSE-EE.