Uztailaren 1etik 5era izango da aurtengo Getxoko Nazioarteko Jazzaldia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko api. 27a, 11:33

Aurtengo Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren 35. ekitaldiaren saio nagusien programazioa osatu dute. Uztailaren 1etik 5era Euskal Herriko jazz denboraldiari emango dio hasiera jaialdiak, hainbat artista handien eskutik. Aurten, Branford Marsalis saxo-jotzailea, Chucho Valdes pianista eta The Afro Cuban Meessengers izango dira izar nagusiak. Halaber, Lee Ritenour, Dave Holland eta Aki Takase ere arituko dira. Kontzertuetarako sarrerak maiatzaren 2tik aurrera egongo dira salgai. Getxoko Jazzaldian bost kontzertu izaten ditu eguneko. Algortako Biotz Alai plazan talde lehiaketako emanaldiak egin ohi dira, gvauez. Ondoren, egun bakoitzeko talde eta musikari nagusiak ateratzen dira agertokira. Bestalde, Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak Telletxe plazan izaten dira, arratsaldez. Bertan, jazz talde gazteek musika mota honi ekarpenak egiten dizkiote eta euren freskotasuna erakusten dute. Azkenik, The Piper's taberna irlandarrean jam sessions-ak izan ohi dira, Biotz Alai plazako emanaldiak bukatu eta gero, gauerdi inguruan. Argazkian, Lee Ritenour / © Getxoko Kultur Etxea.

Jaialdiaren lehenengo egunean Aki Takase pianista japoniarra eta bere taldea, New Blues Project, arituko dira. 70eko hamarkadako amaieran hasi zuen bere jarduera piano-jotzaileak eta 1981ean Europako eszenan agertu zen Berlineko Jazzaldi ospetsuan, Takeo Moriyamarekin eta Nobuyoshi Inorekin osatu zuen hirukote ospetsuaren burua zela. Ordutik hona, Dave Liebman, Sheila Jordan, Maria Joao, David Murray eta Rudi Mahall musikari handiekin jardun du, besteak beste.

Biharamunean, uztailak 2, Lee Ritenour arituko da, egungo eszenaren jazz-fusio gitarra-jotzaile ospetsuenetako bat, hain zuzen ere. Bere hasieretan, Sergio Mendesen Brasil 77 talde famatuan jardun zuen eta, garai horretan, West Montgomeryren, Joe Passen eta Barney Kesselen eragin musikala nabaria zen. Harrezkeroztik bide berriak zabaldu ditu bere musikan eta beste doinuen eragina gehitu dio bere lanari, esaterako, musika brasildarra, erakuslerik onena "Rio" disko ospetsua dela. Bere jardueran, Ritenourrek Grammy sarietarako 17 izendapen jaso ditu eta hainbat urrezko disko izan ditu. Horien artean, Larry Carltonekin grabatutako "Larry & Lee" aipatu behar da.

Jazzaldiaren erdialdean, uztailaren 3an, Dave Hollanden boskotearen txanda izango da. Musikagile eta kontrabaxu-jotzaile ingelesa abangoardiako jazzean nabarmendu da eta hainbat musikari handirekin jardun du: Stan Getz, Chick Corea, Anthony Braxton, John Abercrombie eta Jack DeJohnette, besteak beste. 1972an debuteko diskoa kaleratu zuen, "Conference of the Birds" lan arrakastatsua, eta 80ko hamarkadan honako lan hauek grabatu zituen bere lehenengo boskotearekin: "Life Cycle", "Jumpin' In", "Seeds of Time" eta "The Razor's Edge". 1997an egungo taldea sortu zuen eta zortzi disko egin ditu horrekin. Iaz, "Hands" kaleratu zuen, Pepe Habichuela flamenko gitarra-jotzailearekin elkarlanean.

Uztailaren 4ean, musika latinoa izango da erabateko protagonista, Chucho Valdes The Afro Cuban Messengers taldearekin arituko da eta. Munduko piano-jole onenetarikoa da eta Kubako artista handienen artean dago Valdes. Haurra zela pianoa jotzen hasi zen aitaren babespean, Bebo Valdes musikari handia, alegia. 14 urterekin aritu zen lehenengo aldiz musikari profesional bezala bere aitak zuzentzen zuen Sabor de Cuba orkestran. Habanako Arte Unibertsitatean graduatu ondoren, hainbat proiektutan parte hartu zuen: Habanako Musika-Antzokiaren orkestra, Musika Modernoaren Orkestra Kubatarra eta Irakere taldea, besteak beste. Oso gazte zela jazz latinoaren eta afrikar-kubatar Jazzaren munduko goi-mailara ailegatu zen Valdes. Bere jardueran makina bat sari jaso ditu horien artean, lau Grammy sari.

Azkenik, uztailaren 5ean, asteartea, Branford Marsalisek amaiera ezin hobea emango dio aurtengo jazzaldiari. Saxo-jotzaile iparamerikarrak, Wynton Marsalis musikari ospetsuaren anaiak, 80ko hamarkadan hasi zuen jarduera profesionala eta Art Blakeyren Jazz Messengers taldean bere burua ezagutzera eman zuen. 1982tik 1985era bere anaiaren taldean aritu zen eta, horren ondoren, bakarkako ibilbideari ekin zion, Sonny Rollins edo Mile Davis bezalako artista handiekin eginiko elkarlana baztertu gabe. Marsalis egungo saxo-jotzaile birtuoso handienetariko bat da eta, saxo altua, tenorra eta sopranoa jotzen ditu. 20 bat lan grabatu ditu egun arte. Horien artean "Trio Jeepy" (1988), adituen ustez 80ko hamarkadako disko onenetariko bat dena.

Talde lehiaketa

Getxoko Jazzaldiaren Talde Lehiaketan parte hartuko duten taldeak hautatu dituzte jada. Aurten 52 talde izan dira aurreneko fasean eta, horien artean, honako lau hauek hautatu ditu epai-mahaiak: Carl Winther Trio (Danimarka), Melquiades Quartet (Frantzia), Sorin Zlat Trio (Errumania) eta Ornetillos (Espainia). Aukeratutako taldeak uztailaren 1etik 4ra arituko dira, lehiaketako lehen saria eskuratzeko asmoz. Lau finalistek jaialdiaren lehenengo lau egunetan joko dute, hurrenez hurren, eta irabazleak berriro arituko da azken egunean. Sariei dagokienez, 3.750 euro jasoko dituzte irabazleek eta disko bat grabatuko dute zuzenean. Bigarren sariari 1.500 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 750 euro irabaziko ditu. Sariez gain, irabazleek Hoeilaarteko (Belgika) eta Ibizako jazzaldietan parte hartuko dute, Getxo Jazzek horiekin duen hitzarmenari esker.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun