Espetxean 18 urte eman ostean, BBVAn berronartu dezatela eskatu du Txetxu Fernandez Perez de Nanclares algortarrak. Egun lo egitera baino ez du joan behar Langraizko kartzelara. LAB eta ELA sindikatuen ustez (mp3), "bankuak ez lioke bere bizitza berrantolatzeko aukera ukatu behar, batik bat bere lan jardunarekin zerikusirik ez duen kontu batengatik preso egonda". ETAko kidea izatea egotzita atxilotu zuten 1992an. Fernandezek 22 urte eman zituen beharrean, lehendabizi Banco de Comercio-n eta gero BBVn. Gauzak horrela, mobilizatzen hasi dira langileak, algortarra berronartu dezaten. Hala ere, bankuaren erantzuna "ezezkoa" izan da: "berronarpenaren eskaerari erantzuteko, notario baten bidez 18 urte hauetan jaso ez zuen kaleratze gutuna helarazi zion", salatu dute LAB eta ELAko ordezkariek. Hori dela eta, "errepresio politikarekin bat egitea" egotzi diote BBVAri. Hurrengo elkarretaratzea maiatzaren 25ean egingo dute. Argazkian, 30 lagun elkartu dira gaur BBVAren Bilboko Kale Nagusiko egoitzaren aurrean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!