Getxoko Udalak Alvaro Heras Gröh tokiko idazleak egindako "Getxo Sound" CD bikoitz eta liburua argitaratu du, udalerrian zehar musika berriaren historia ezagutzera emateko asmoz. Gauzak horrela, mila ale atera dituzte komunikabide, liburutegi eta udal artxibategien artean banatzeko. Aipatu lanean Getxo Sound musika kolektiboaren historia berriena jasotzen da. Bertan, 80ko hamarkadaren erditik gaur egunera arte jardunean egon diren talde getxoztarren 44 abesti ere badira. Banda horietako batzuk jotzen jarraitzen dute oraindik.
Imanol Landa alkatearen hitzetan (mp3), “bertoko pop-rock taldeek Getxoko arlo kulturalean oso errotuta dagoen kolektiboa osatzen dute. 90eko hamarkadaren hasieratik, Kultur Etxeak taldeen errolda mantentzen du, aipatutako bandei hainbat laguntza eman ahal izateko abiapuntu gisa. Errolda horretan, gaur egun, berrogei talde daude eta, hortik, gaur egun musikaren mailarik gorenean dauden talde batzuk irten dira: Zenttric, Espainiar estatuan oso errotuta dagoena; edota Europan ezaguna den We Are Standard, egungo musika garaikidearen arloan sari asko irabazi dituena”. Argazkian, atzo aurkeztu zuten argitalpena / © Getxoko Udala.