Ertzaintzak gizon gazte bat atxilotu du gaur goizaldean Algortan, beste bi lagunekin batera ziklomotor bat lapurtzen saiatzea egotzita. Ihesean zihoazela, horma baten gainetik salto egin omen dute ustezko gaizkileek. Baina, atxikitako mutila ibilgailu baten gainean erori eta zauritu egin da, Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldu duenez. Ordu biak aldera jaso dute abisua poliziek. Bolue kalera heldu direnean, zauritutako gaztea topatu dute ertzainek, familia bereko hiru kide inguruan zituela. Azken horiek azaldutakoaren arabera, beraien jabegoko ziklomotorra manipulatzen harrapatu dituzte hiru gazteak eta, haiek ikustean, ihesean joan dira. Dirudienez, horma baten gainetik salto egitean zauritu da mutila. Ibilgailu baten gainera erori omen da eta aurreko beira apurtu du; baita kapota eta hegatsetako bat mailatu ere. Adingabekoa, 17 urtekoa, atxilotu eta Gurutzetako ospitalera eraman dute anbulantzian.