"Hi, vascofona!" abestia plazaratu du Siroka taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko api. 28a, 22:02

Leioa, Erandio, Balmaseda eta Ugaoko Siroka musika taldeak "Hi, vascofona!" (mp3) izeneko abestia kaleratu zuen atzo. Berau, martxoaren 11n grabatzeari ekin zioten "Karosi" bere bigarren diskoaren "single" edo aurrerapen gisa aurkeztu dute, zaleak lasaitzeko, diskoaren bideoklipa abiatzen duten bitartean. Bideoa maiatzaren 7an egiteko asmoa dute, Ugaon, goizaldetik hasita arratsalde partera arte. Ekimenean parte hartu nahi duenak aukera du, horretarako sirokataldea[abildua]gmail.com posta elektronikora mezua bidaltzea baino ez duela egin behar. Gainera, bazkaria jarriko dutela agindu dute musikariek. Diskoa, berriz, maiatzaren 10ean kaleratuko dute Musikherria herri-diskoetxearekin. Grabaketa Karlos Zubiagaren gidaritzapean burutu dute Urdulizko Tio Pete estudioetan. Sirokako kideen ustez, "aurreko diskoa baino landuago eraman" dute, hainbat musikariren laguntza izan dutela: Ciro, Alberto, Helena eta Egoitz, besteak beste. Diskoa kaleratu bezain laster aurkezpen birari ekingo diote.Bestalde, Sirokako Pepo baxu jole erandioztarrak antzinako Deustuko Keats taldeko kideekin batu da aspaldiko partez "Herrialde berdea" izeneko kanta sortzeko. Argazkian, Pepo "Karosi"-ren grabaketan / cc-by-sa Peloto-Siroka.

"Karosi" diskoa aurkezteko biraren egutegia

• Maiatzak 14, 22:00etan, Getxoko jaietan (plazan), Obrint Pas-ekin.
• Maiatzak 28, 21:30ean, Irungo Elkartasun Gauean (Landetxako frontoian), Governors, Txapelpunk eta Rat-zinger taldeekin.
• Ekainak 3, 22:00etan, Iruñeko Arrosadiako jaietan (plazan), Vendetta eta Skatu taldeekin.
• Ekainak 10, 22:00etan, Leioako Kurkudi Herriko Tabernan.
• Ekainak 11, 22:00etan, Igorreko jaietan (plazan), Feos Pero Majos taldearekin.
• Ekainak 17, 22:00etan, Balmasedako herriko tabernan.

Sirokaren "Karosi" diskoaren grabazioari buruzko bideoa (cc-by-sa Peloto-Siroka)



Keatsen "Herrialde berdea" bideoklipa (© Ibaizabal Telebista)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun