Espainiako Fiskaltzak aurkeztutako helegitea:
Espainiako Fiskaltzak gaur inpugnatu ditu Bildu koalizioaren hauteskunde zerrenda guztiak Auzitegi Gorenean, 20:00ak aldera, Batasuna legez kanpoko alderdi politikoak Bildu erabili egin duela iritzita. 254 zerrendak "ETA-Batasunak diseinatu" dituela dio Fiskaltzak bere idatzian, eta Batasunaren helburua "prozesu demokratikoan aurrera egiteko indar metaketa" egitea dela —Sorturen auzian antzeko arrazoia erabili zuen Fiskaltzak—. Eskualdeari dagokionez, hautagaiak "ETA/Batasuna"-rekin lotzeko, 2009ko hauteskunde autonomikoetara aurkeztu eta legez kanpo utzi zuten D3M plataformaren "abal-emaile" izatea nahikotzat jo dute. Are kezkagarriagoa da Fiskaltzaren txostenak agerian utzi duen gazteen gaineko kontrola eta jazarpena: Guardia Zibilaren txostenetan oinarrituta, azken urteotako gazte martxa, topagune, gudari egun, eta abarretan kokatu dituzte Uribe Kosta eta Erandioko hainbat neska-mutil. Argazkian, Bildu koalizioak Erandion aurkeztutako hautagaiak / © Bildu Erandio.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!