Eusko Trenbide Sareak (ETS) hilabete honetan abiarazi ditu berriro Leioa eta Erandioko campuserako tranbiaren tailerrak eta kotxetegiak egiteko lanak, "El Correo Español" egunkariak zabaldu duenez. Aipatu obrak uztailean geldiarazi zituzten Lamiakoko orubean kutsatutako lurrak aurkitu zituztelako. ETSk 2010eko martxoan agindu zituen obrak, 4,17 milioi eurotan; eta lursailaren garbiketa lanak ekainean hasi ziren. Lehenengo probetan ez zen kutsadura arrastorik aurkitu eta lanekin jarraitu zuten. Hala ere, bigarren analisi batean, beruna, merkurioa, artsenikoa eta polikloruro bezalako metal astunak eta petrolio zein olio hondakinak aurkitu zituzten orube azpiko toki askotan. Ondorioz, lurraren kalitatearen ikerkuntza, garbiketa plana eta lurraren hondeatze gestiorako txostenak osatu behar izan zituzten, Ihoberi bidaltzeko. Abenduan, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak prozesuaren hasiera onartu zuen eta, lau hilabete beranduago, hondakinak zabortegi kontrolatuetara eramaten amaitzen ari dira jada. Hala ere, bederatzi hilabeteko atzerapena eragin du garbiketak. Hartara, 2012ko uztailean bukatuko omen dituzte obrak. Argazkian, horrelakoak izango omen dira tranbiaren kotxetegiak / © Leioa.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!