Ertzaintzak 26 eta 29 urteko bi gizonezko atxilotu ditu gaur Sopelan, surf denda batean indarrez lapurtzea egotzita. Sartzeko, saltokiko ateko kristala apurtu ostean, 22 neopreno jantzi (orotara, 3.000 euroko baliokoak) hartu eta furgoneta batean ihes egin dute ustezko gaizkileek, Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera. Poliziek goizaldeko ordu biak aldera jaso dute lapurretaren abisua; baita ihesarena ere. Minutu batzuk beranduago, Urdulizetik gertu, BI-634 errepidetik zihoan furgoneta bat geldiarazi du patruila batek. Barruan bi lagun zihoazen eta matrikula plakak paperez estalita omen zituen ibilgailuak. Ertzaintzak dioenez, atzeko partean topatu dituzte dendan lapurtutako jantziak; baita mailu bat, zerra, aliketak, bihurkinak eta eskularruak ere. Beste patruila batek dendan aurkitu ei du kristala apurtzeko erabilitako mazoa. Bi gazteak indarkeriaz egindako lapurreta egotzita atxilotu dituzte.