Seaskak aspaldion egin duen salaketaren haritik, asko dugu esateko. Alde batetik, Hezkuntza ministro Luc Chatelek euskararekiko erakusten duen mespretxua ez dugu zalantzan ematen, eta beraz, gure hizkuntzaren “alde” ez duela ezer planteatuko ziur gira. Seaskak behar dituen irakasle postuak murriztuz eta dagoen eskaintzari aurre egiteko beharrezkoak diren lanpostuak bideratzea blokatuz, euskara eta euskaraz ikasteko eskubidea ukatzen zaie ikasleei; euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen zaio Euskal Herriari.
Bestalde, nahiz Euskararen Erakunde Publikoaren hizkuntza politika proiektuan haurrak eta gazteak lehenesten direla esan, 2004tik hona, hizkuntza politikaren eza kausitzen dugu, eta hona kasu, Seaska eta euskaldunon kontrako beste erasoa.
Askotan esan duguna berresten dugu: Euskaraz bizi nahi dugu! Zapalkuntza guztien aurrean, sasi guztien gainetik, euskaldun izateaz harro agertu eta Euskal Herri euskaldunaren aldeko konpromisoan berrestea dagokigu. Hizkuntza zapalkuntzaren aurrean, eskola euskalduna da gure aukera, eta herritarrek aukera hori bere egiteko deia zabaldu nahi dugu hemendik.
Euskarari zor zaion hizkuntza politika eta estatusa aldarrikatzeko eta Seaskak proposatzen duen eredu euskaldunak Euskal Herriaren berreuskalduntze prozesua jorratuko duelako, larunbat honetan, Seaskaren Baionarako egin deialdia babestera deitzen ditugu herritar guztiak.