Javier Otxoa txirrindularitza lasterketa igandean egingo dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko api. 29a, 22:04

Punta Galea Txirrindulari Elkarteak antolatuta, etzi, igandearekin, Javier Otxoa edo Randonnee Punta Galea bizikleta zaleentzako lasterketa egingo dute. 2005az geroztik, auto batek zapaldu ostean lesio larriak jaso zituen Javier Otxoa txirrindulari berangoztarraren izena hartu du probak. Ohikoa denez, 26. edizio honetan goizeko 8etan eta 9etan abiatuko dira, mailaz maila, Fadurako belodromotik, toki berean amaitzeko. Aurtengo edizioan, aurrekoetan ez bezala, bi ibilbide izan beharrean, bakarra izango da, "laburragoa baina zorrotzagoa", adierazi dute antolatzaileek. Gauzak horrela, lasterketa Unbetik joango da; Larrabetzu, Morgako gaina, Gerekizko gaina, Gernika, Mundaka, Sollubeko, Markaidako eta Andrakako gainak zeharkatuko ditu gero; Urduliztik berriro bueltatzeko. Guztira, parte-hartzaileek 100 bat kilometro egingo dituzte. Martxa amaituko duten guztiei oparia emango zaie, probaren oroigarri gisa, zenbakia eman eta gero. Argazkian, Javier Otxoa Klasikaren aurkezpena / © Punta Galea Txirrindulari Elkartea.

Punta Galea Txirrindulari Elkarteak antolatutako lasterketa ez da lehiakorra, irekia da, bizikletan ibiltzeko gogoa duten zikloturista guztientzat. Hain zuzen ere, bizikleta zaleen eskubideak aldarrikatzea du helburu. Gauzak horrela, federazio lizentzia ez duten zikloturistek lasterketan hartu ahal izango dute parte “federazio eguneko lizentzia” aldez aurretik eskuratuta. Izena ematerakoan lortu ahal izango da hori, probaren egun berean, goizeko 7:30etik aurrera, Fadurako pilotalekuan.

Buruko babesa, kaskoa alegia, jantzi beharko dute txirrindulariek. Arau hori betetzen ez duenak lasterketatik kanpo geratuko da, antolatzaileek aurreratu dutenez. Izen-ematea aurretik egiteko epea, berriz, bihar arte egongo da zabalik, Punta Galea elkarteak Algortako Illeta kaleko 10. zenbakian daukan egoitzan. Kuota 15 eurokoa da federatuentzat (11 euro aurretik izena emango dutenek) eta 25 eurokoa federatu ez direnentzat (23 euro izena aurretik ematekotan). Dirua Caja Laboralean zabaldutako kontu korrontean sartu beharko da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun