Beti zin egin diot nire buruari gure etxeko atea zabalik izango dela beharrezko duen bihotz oneko edozeinentzat. Ordura arte, ostera, klausula horrek ez zituen film grabaketak barnebiltzen. Baina gure sueteko leihoa Aitzolez maitemindu zen. Eta ez dago maitale bi banatzea baino miseria handiagorik. Etxea behar zuen hilabetean ni Mexikon izango nintzen. Gainera, kontatuko zuen istorioa Unairena zen.
Ama ohi baino goibelago aurkitu nuen astelehenean. Etxeko argirik pizteko indarrik ere ez daukan egun horietako batean murgilduta. Aitzol hil da esan zidan burumakur. Ez nuen zalantza izpirik izan, banekien ama zein Aitzolez ari zen. Uda hartan gure amak ez zuen grabaketa egunik galdu. Gure etxeko giltzen ardura izateak filmaren parte aktibo bihurtu zuen. Eta ni jaio arte bere bizibidea zen antzerkia utzi zuenetik igaro duen udarik zoriontsuena izan zelakoan nago. Orduko bere penarik handiena gure amama kamara geldoan hiltzen ari zen Alzheimerra zen. Eta drama horren zulotik sortutako "Un poco de chocolate" bizitzeak sekulako indarra eman zion.
Amak Aitzolen filmaren DVDa zeukan eskuen artean. Ilusioaren distirak mundua nola ikusten duen gogoratuko diguna, nahi dugun aldiro.
Fredi Paya bertsolari algortarrak pasa den ostiralean "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua