Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko hirugarren aretoan epaituko dituzte bihar, asteartea, Arkaitz Goikoetxea, Aitor Cotano eta Iñigo Gutierrez euskal preso politikoak. Oraingo honetan, Getxo udalerrian zein Manzanares de Rioja eta Valgañon herri errioxarretan kokatutako hainbat zulotan, lehergai kopuru handia gorde izana leporatzen diete,
Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Bakoitzarentzat zortzi urteko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak. Bestalde, Benjamin Atutxa Eibarreko PSE-EEren zinegotzia "bahitzeko eta hiltzeko" ustezko saiakeraren auzian, hiru gazte getxoztarrak absolbitu zituen joan den astean Auzitegi Nazionalak. Europa Pressen arabera, "ekintza abiatu eta hori gauzatzeko zaintza lanak egin zituzten arren, azkenean bertan behera utzi zutela ulertuta" hartu zuen erabakia Zigor arloko lehenengo aretoak. Hala ere, Goikoetxeari 22 urteko espetxe zigorra ezarri zion, Cotanori 16 urtekoa eta Gutierrezi 14 urtekoa. Hirurei erakunde terroristako kide izatea, lehergaiak gordetzea eta armak edukitzea leporatzen diete. Horretaz gain, faltsutze delitua egozten diote lehenengoari. Argazkian, auzokideak Cotano eta Goikoetxearen irudiak sostengatzen, aurreko batean.