Sortu alderdi politiko berriarekiko identifikazioaren eta estatutu zorrozki demokratikoen aldeko eta bortxakeriaren kontrako hartu duen konpromisoa islatzen zen.
Euzko Alderdi Jeltzaleak, behar besteko kautela eta prebentzioak gorderik –ETAren ingurukoak bereziki–, aldi honetan izan diren albiste hauek guztiak jaso eta agurtu ditu; euskal gizartearen gehiengo nagusiak egiten duen moduan, norabide egokian jartzen ditu, bake eta normalizaziorako norabidean hain zuzen.
Euskadiren lehen alderdia garen aldetik, lehen unetik baloratu dugu urrats hauek aukera ematen dutela ETAren mende erdiko bortxakeria terroristari amaiera emateko, eta Euskadin bortxakeriaren erabilpena deslegitimatuta eta gaitzetsita, egiazko bakea ekarriko duen bizikidetza berrirako hasierako urratsak emateko.
Ezker abertzale tradizionalak eman egin ditu gizartearen eta alderdi politikoen aldetik eskatzen genizkion urratsak.
Adierazi egin du bortxakeria eta terrorismoa helburu politikoak lortzeko bide gisa gaitzesten dituela.
Bortxakeria publikoki errefusatu du, eta publikoki gaitzetsi du ETA erakunde terrorista.
Alderdien legea onartu du eta ezagutzen du Hauteskunde Erregimenaren inguruko Legearen modifikazioa.
Ez dugu Sortu ahazten. Alderdi politiko berria, demokratikoki guztiz garbiak diren estatutuekin; hau ere ibilbide judizialean dagoen ebazpenaren zain dago, momentuz parte hartze politikoa eragozten diona.
Bilduk koalizioan sartu ditu pertsona independente eta askeak, talde barruan eta banaka bide politiko eta demokratikoen aldeko konpromisoa adierazi dutenak. Pertsona hauek bortxakeria arbuiatu dute, ETArena barne.
Bildu bide politiko eta demokratiko hutsen aldeko konpromisoa hartu duten pertsonen eta alderdien koalizioa da. Euskal gizarteak dakien moduan, gu ere konbentzituta gaude Eusko Alkartasuna eta Alternatibak ez dutela inoiz ETAren estrategian parte hartu. Bilduren egitasmo demokratikoaren abala dira, eta estrategia Bildu bera osatzen dutenek argitu beharko dute.
Euzko Alderdi Jeltzalea suminduta dago hautagaitza hauek onartu izan ez direlako.
Printzipio demokratikoak izaera antiterroristako itunekin eta sasiko helburuekin nahastea izan da, Euskadin PSOE-PP alderdien arteko itunaren arrakasta bilatzen duen epe laburrerako estrategia iruzurtia baino ez da.
Botere betearazlea ezin da erabaki judiziala izan delako aitzakiaren ostean geratu, honakoa erabaki politikoa izan delako. Espainiar Gobernua izan da aurkeztu diren hautagai zerrenda guztiak inpugnatzeko erabakia hartu duena. Espainiar Gobernua izan da “dena da ETA” teoria berreskuratu duena. Eta, Eusko Jaurlaritza izan da Espainiar Gobernua baino tematiago mantendu dena, Espainiar Gobernuak esan dituenak baino hautagai zerrenda kutsatu gehiago zeudela defendatuta.
Ez du inolako zentzu politikorik, Bilduren parte hartze politikoa eragoztea.
Ez du inolako zentzu politikorik, parte hartzea legezko erakundeei, pertsona independente eta askeei, beren eskubide zibil eta politiko guztiak dituzten pertsonei eragoztea.
Ez du inolako zentzu politikorik, beren parte hartzea eragoztea, parte hartzeko eskatzen diren baldintza guztiak bete dituztenean.
Ez du inolako zentzu politikorik, norbanakoen eta taldeen printzipio eta eskubide demokratikoak urratzea.
Ez du inolako zentzu politikorik, parte hartzea eragoztea, “a posteriori” ilegalizatzea ahalbidetzen duen hauteskunde legearen erreforma onartu denean.
Ez du inolako zentzu politikorik, orain gauden testuinguru sozial eta politikoan –Ezker Abertzale Tradizionalaren aldetik bortxakeriatik banatzea dakusagun honetan– erantzun politiko eta judiziala, hautagai zerrenda hauek guztiak baliogabetzea izateak.
Politika da Euskadiren oraina eta etorkizuna, gizarte demokratiko orori dagokion bezala.
Hori dela eta, Euskadik oinarrizko printzipio eta eskubide demokratikoekiko begirunea exijitzen du. Eta, bizitzeko eskubidearekin batera- beronen urratzea argi eta garbi errefusatua izan delarik- ezinbesteko eskubidea ere badira askatasuna eta parte hartze politikoa.
Printzipio hauek defendatuta, EAJ-PNVk biziki larritzat jotzen du Bilduk hurrengo Udal, Foru eta Nafarroako Parlamenturako Hauteskundeetarako aurkeztu dituen hautagaitzak legeztatu ez izana.
Euzko Alderdi Jeltzaleak honakoa adierazten du:
1.- Ilegalizazio politiko hau guztiz arbuiatzen duela.
2.- Esparru politiko,instituzional eta juridikoan erabaki hau baliogabetzea defendatuko duela.
3.- Aukera politiko guztien osoko parte hartze politikoa defendatzen jarraituko duela, ezker abertzale tradizionalarena barne, era propioan edo beste legezko talde politikoekin partekatutako estrategia barruan.
4.- Erabaki hau Europako erakunde instituzional, politiko eta juridikoetara eramatea planteatuko duela.
5.- Espainiar Gobernuari bere hausnarketak komunikatu dizkiola eta une honetatik aurrera hurrengo ekimenei begira EAJren lankidetza eta babesa eteten dituela. Gure ustetan Espainiar Gobernuarena izan da Auzitegi Gorenak ebazpena oinarritzeko erabili izan duen tesia.
6.- Auzitegi Konstituzionalari, bere erabaki juridikoa hartzerako orduan, euskal gizartearen gehiengoaren iritzia kontutan har dezala eskatzen diogu eta, ondorioz, Auzitegi Gorenaren epaia baliogabetu dezala.
Iñigo Urkullu EAJren EBBren presidentea