Igurco Gestion SL enpresaren langileak greba mugagabean daude pasa den apirilaren 12tik. Enpresak Bizkaiko hirugarren adinekoentzako eguneko egoitzak kudeatzen ditu Aiboan, Leioan, Ugaon, Galdakaon eta Bilbon (San Adrian, Otxarkoaga, eta Zorrotzakoak).
ELA sindikatuak gaur jakinarazi duenez, "2008. urtetik honantz lan baldintzak ez dira aldatu, egoera akordiorik gabe mantentzen delako". Sindikatu abertzalearen iritziz, "zuzendaritzaren erantzun ezkorrak" grebara "bultzatu zituen" Igurcoko "emakume langile hauek, eta enpresa negoziazioak bideratzeari uko egiten denez, tinko mantentzen dira beraien jarreran". Europa Press albiste agentziaren arabera, beharginek elkarretaratzea egingo dute ostiralean goizeko 10:30ean Bilbon, Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Igurcoren zuzendaritza osatzen duten IMQ, Adeslas eta Cosimetek "aldarrikapenak bilera bakar batean entzutera mugatu dira, ondoren enpresa batzordeari aurkeztutako puntuetariko bat ere ez dutela negoziatuko adierazi diotela" salatu dute langileek. Argazkian, Igurcoko langileen mobilizazio bat / © ELA.