Bilduren zerrenden baliogabetzea salatzeko kalera ateratzeko deialdia luzatu die langileei Euskal gehiengo sindikalak. Arratsaldean Bilbon egindako agerraldi batean, Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak Espainiako Auzitegi Gorenak Bildu koalizioaren zerrenda guztiak baliogabetzea baloratu du. Maiatzaren Lehenean iragarri bezala, "langileriaren aurkako erasoen aurrean gogor erantzungo" dutela berretsi dute bertan ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia salatu eta espainiar gobernuari Euskal Herrian inposatzen ari den politika alda dezala exijitzeko garaia dela esan dute. Bestetik, Bildu legez kanpo uztea erabaki antidemokratikoa izateaz gain, bereziki langileei eragiten dien erabakia dela salatu dute, "demokraziarik gabe ez dagoelako gure eskubideen aldeko bidea egiteko aukerarik". Horregatik, elkarretaratzeak deitu dituzte datorren ostiralerako, eguerdiko 11:30ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan. Argazkian, euskal gehiengo sindikalaren manifestazioa Maiatzaren Lehenean, Bilbon / cc-by-sa
LAB sindikatua.