Erandio "gobernatzeko era eta moduetan aldaketa" agindu du gaur Juan Otermin PSE-EEren tokiko hautagaiak. Bere hitzetan, "ekintza politikoaren erdigunean pertsonak eta horien beharrak" kokatu nahi dituzte, baita "demokrazia parte-hartzailea, gardentasuna eta berdintasuna" sustatu ere. Astrabuduako sozialisten egoitzan egindako ekitaldian, besteak beste, Jose Antonio Pastor Bizkaiko ahaldun nagusi izateko PSE-EEko hautagaia izan du lagun alkategai erandioztarrak. Horren aurrean, Erandioko EAJk azken lau urtetan egindakoa "etsigarri, alderrai, eznahiko eta etorkizunerako proiekziorik gabekotzat" jo du Oterminek. Horren adibide bezala jarri ditu jelkideek "ez dutela seriotan hartu aparkalekuen arazoa, ezta babes ofizialeko etxebizitzen sustapena ere". Lutxanaren eta baserri guneetako saneamendu sarearen zein Astrabuduako Juanene plazaren erreformak ere multzo berean kokatu ditu PSE-EEko alkategaiak. Bestalde, langabezia tasa Erandion %17koa dela nabarmendu du Oterminek. Argazkian, Otermin eta Pastor gaurko ekitaldian / © Bizkaiko PSE-EE.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!