Leioako Behargintza enplegu zentroak martxoan abian jarri zuen Piping ikastaroa. Horretan parte hartu duten 12 lagunak prest daude jada Bizkaiko ingeniaritza enpresetan praktikak egiteko, udal iturriek aipatu dutenez. Eskolak langabezian dauden ingeniarientzat zuzenduta egon dira, Ingeniaritza Industrialean lizentziatu direnen ikasketak osatzeko asmoz. Arduradunek adierazi dutenez, "Leioako enpresen ahultasunak eta beharrizanak ikertu ostean, Behargintzak ikastaro berri hau lantzeko beharra ikusi zuen". Gauzak horrela, lan merkatuko eskaria eta eskaintza orekatzeko "heziketa falta" sumatu zuten lan sektore jakin batzuetan. Gaur egungo egoera dela eta, goi prestakuntza dutenek euren ikasketak osatu behar izaten dituzte ezagutza tekniko jakin batzuekin. "Hau oso garrantzitsua da mundu mailako merkatuetan, produktu edo zerbitzu berritzaileak eskaini nahi dituzten enpresentzat", aipatu dute arduradunek. Argazkian, ikastaroan parte hartu duten ikasleetako batzuk / © Leioa.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!