Sopelan biharko deituta zeukan aurkezpen ekitaldia bere horretan mantentzea erabaki du
Bildu koalizioak. Hartara, 19:30ean egingo dute agerraldia Kurtzio Kultur Etxean eta, jarraian, Bilboko Moyua plazara abiatuko dira bertan egongo diren gainontzeko herritarrekin bat egiteko,
Sopela.net agerkari digitalak aurreratu duenez. Gogoratu, ostegun honetarako, manifestazio nazionala deitu dutela Eusko Alkartasunak eta Alternatibak. Martxa 20:00etan irtengo da Bilboko Jesusen Bihotzetik Moyua plazaraino heltzeko. Bertan, Espainiako Gobernu Zibilaren aurrean planto egingo dute bildutako guztiek, Auzitegi Konstituzionalaren berriaren zain eta "benetako demokraziaren beharra" aldarrikatzeko. Bitartean, atzo arratsaldean, ia ehun lagun elkartu ziren Sopelako udaletxeko plazan, Gernikako Akordioaren tokiko sinatzaileek deituta,
Gorenak Bilduren zerrenda guztiak baliogabetu izana salatzeko. Eskualdeko herri gehienetan ere izan ziren kontzentrazioak:
Algortako Telletxe plazan (400), Areetako Xake plazan (100), Berangoko Gudarien plazan (72), Erandioko metro geltoki ondoan (200), Gorlizko udaletxeko plazan (80) eta Plentziako Pirulin (70), besteak beste. Leioako Bulebarrean ere egin zuten elkarretaratzea. Argazkia: © Sopela.net.